Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herrien eta herritarren burujabetza, Milimetroak jaian

Dokumentuaren akzioak

Herrien eta herritarren burujabetza, Milimetroak jaian

Goizez eta arratsaldez gerraren kontrako eta herrien burujabetzaren aldarria egin zuten atzo DBH 3 eta 4ko ikasleek.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2022/04/27
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

 

Atzo egin zuten Errenteria-Oreretan Milimetroak jaia, Orereta Ikastolako, Haurtzaro Ikastolako, Pasaia-Lezo Lizeoko eta Ibarrako Uzturpe Ikastolako (aurtengo Kilometroak han da) DBHko 3. eta 4 mailako ikasleen partaidetza aktiboarekin. Herrien eta herritarren burujabetzaren aldarria izan zen atzoko topaketa, batez ere ildo artistikotik bideratua. Izan ere, atzo bete ziren 85 urte indar faxistek Gernika bonbardatu zutenetik, eta testuinguru horretan kokatu zituzten atzoko jarduerak. Milimetroak, Kilometroen eredu berriaren zati da, Ikastolen aldeko jaia egun bakarrera mugatu beharrean, eskualdeetara zabaldu nahi duena. Oarsoaldeko Milimetroak izan zen atzokoa.

Goizez Picassoren Gernika-ren erreplika berritzailea egin zuten ikasleek elkarlanean, orpoz orpo. Gernikaren bonbardaketaz gain, egun munduan diren gerren gaineko gogoeta egin zuten ikasleek margolanaren sorkuntza prozesuaren bitartez, hainbat esaldi sortuz: “Gerra hilketa masiboa baino ez da. Hilketa ez da aurrerapena”; “Atzo Gernika, gaur Ukraina…”; “Dirudunek gerra eragiten duten bitartean herritarrak dira sufritzen dutenak”. Gisa horretako hainbat ideia esaldi idatzi bihurtu zituzten ikasle gazteek. Lau zatiko lana osatu zuten, eta horiek Jautarkol plazan jarri zituzten goiza bukatzeko. Mikel Urdangarin abeslariak, Andoitz Antzizar trikitilariarekin batera hainbat abesti eskaini zizkien.

Ekitaldi nagusia

Arratsaldean egin zuten ekitaldi nagusia, Herriko Plaza bete-betean. Artea izan zen saio horretako ardatza. Orereta Ikastolako ikasleek, Errenteriako Herri Arte Eskolako dantzariek, eta Kukai Dantzako kideek parte hartu zuten. Musikaren atala Haritzaren Itzala jazz taldekoek nahiz Mikel Urdangarin eta Andoitz Antzizarrek osatu zuten.

Ekitaldia bukatzeko Orereta Ikastolako lehendakari Itziar Navarrok hartu zuen hitza. Gernikaren bonbardaketaren urteurrena izan zuen gogoan, eta Milimetroak jaiarekin herrien eta herritarren burujabetzaren aldarria egin zuen: “Sinesten dugu herri eta herritar bakoitzak bere erabakiak hartu eta bere etorkizuna marrazteko aukera eduki behar duela. Pablo Sorozabalen Gernika abestiaren letraren egile Nemesio Etxanizek esaten zuen bezala, askatasunean eta bakean bizitzeko”. Navarrok Milimetroak-en parte hartu zuten guztiei eskerrak eman zizkien, baita Errenteriako Udalari ere.

Dokumentuaren akzioak