Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Herrian bertan ere ez gara konturatzen zenbat talde ari diren lanean»

Dokumentuaren akzioak

«Herrian bertan ere ez gara konturatzen zenbat talde ari diren lanean»

Egilea
Eneritz Maiz Etxeberria
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Alegia
Mota
Albistea
Data
2022/03/18
Lotura
Aiurri
Marta Iraola, Ixone Urkiri eta Oier Laborde, Sutarri dantza taldeko arduradun, dantzari eta irakasleak. E. MAIZ

Igande eguerdian Sutarri dantza taldeak Elkar+ekin Gara, elkarrekin dantzan ekimenean parte hartuko du, herriko plazan dantzatuz. Marta Iraolak, Ixone Urkirik eta Oier Labordek Sutarriren parte hartzeaz hitz egin dute. 

Alegiako Sutarri dantza taldeak hasierako unetik egin zuen bat Elkar+ekin Gara, elkarrekin dantzan ekimenarekin. Adin ezberdineko 25 dantzarik igande eguerdian egingo dute beraiek sortu duten dantza, herritarren aurrean.

Noiz jaso zenuten 'Elkar+ekin Gara, elkarrekin dantzan' ekimenaren berri?

Marta Iraola. Unai Lizasok deitu ninduen, eta mezu elektroniko bidez pasa zidan informazio guztia. Ostean, Oier eta biok elkartu ginen berarekin, eta jada ekimenean parte hartzeko baiezkoa eman genion.

Hasiera batean urtarrilean zen egitekoa. Noiz jarri ziren zuekin harremanetan?

Oier Laborde. Azaroa-abendua aldean esango nuke izan zela. Hori da, hasieran urtarrilean izango zela, eta gero azkenean egoeragatik atzeratu egin zen kontua. Guk nahiko eskuzabal hartu genuen, eta ekimen polita iruditu zitzaigun. Azkenean, hori ez da bilatzen, baina herrian dauden elkarte ezberdinek bere eskertza izatea edo eskertuak izatea beti dago ondo. 

Ixone Urkiri: «Bakarrik emaitza ikusten da, eta batzuetan ez da baloratu ere egiten atzetik egiten den lan hori»


Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?

Iraola. Dantza bat izango da guztia. Eta planteatu zuen bezala, egun batean egingo zela guztia eta, egingarri ikusi genuen.

Laborde. Interesgarria delako proiektua. Proiektua ez da oso zaila, ez da asko ikasi behar dela, eta denbora asko kenduko dizula, egingarria da. Herri ezberdinei bideo ezberdinak bidali dizkigute eta laguntza jaso dugu. Dantzaren aldetik hiru dantza mota planteatzen ziren, hiru bideorekin. Guk aukeratu genezake bat eta kopiatu, edota gurea propioa sortu. Gure kasuan guk sortu dugun dantza bat da egingo duguna. Gipuzkoako pausoekin sortu dugu.

Parte hartzea erabakitzeak zer suposatu dio Sutarri dantza taldeari?

Laborde. Dantza prestatzea. Guk dantzatuko dugun dantzan lau talde elkartu gara. Eta egia esan talde bakoitza bere dantzak egitera ohituta dago. Dantza bakar batean eta koreografia bakar batean sartu ditugu 13-14 urtekoetatik hasi eta 65 urte bitartekoetarako dantzariak. Adierazgarria dela iruditzen zait dantza taldeak txikitatik hasi eta zaharrenetara bitarteko dantzariak dituelako.

Erraza izan da dantza ikastea?

Ixone Urkiri. Oierrek bideratu du gehien bat, baina ez digu suposatu izugarrizko lanik. Gipuzkoako dantzen pausoak dira, eta denok dakizkigun pausoak dira. Gehiago izan da forma ematea, eta talde bakoitzak bere aldetik egin ditugu entseguak oraingoz, baina orain jada guztiok elkartu eta dantza egitea izango da.

Igandean bertan egingo duzue dantza. Baina zer izango da?

Iraola. Printzipioz dantza hori baino ez dugu prestatu, baina herritarrak gerturatzea nahi dugu.

Baina grabatu egin beharra daukazue dantza.

Iraola. Bai, hori da. Grabatu egin beharra daukagu dantza ekimenean parte hartzeko, eta igande eguerdian izango da. Hasiera batean ordu jakin batean egin behar genuen dantza, eta orain libre utzi digute. Elizako irteera eta aprobetxatu nahi ditugu, herritarrak gerturatu ahal izateko.

Garrantzitsua da elkarteek egiten duzuen lana gizarteratzea?

Iraola. Askotan, herrian bertan ere, ez gara konturatzen zenbat talde ari diren lanean. Horri ikusgarritasun pixka bat ematea ere ez dago gaizki jendeak jakin dezan. Lan boluntarioa da asko.

Urkiri. Askotan ezkutuko lan hori ez da ikusten. Bakarrik emaitza ikusten da, eta batzuetan ez da baloratu ere egiten atzetik egiten den lan hori. Honelako ekimenek balio dute pixka bat ikustarazteko.

Laborde. Ekimen horretan parte hartzen duen jendea, esaterako, kantua Olatz Salvadorrek jarri du, gero koreografiak Aritz Salamanca eta Eneko Gilek egin dituzte. Bai dantzaren aldetik eta baita musikaren aldetik ere erreferenteak dira, eta horiek proiektuan daudela ikusita horrek ere bultzatu gaitu. Niri pertsonalki, irakasle moduan, bai bultzatu ninduen parte hartzera.

Eta nola aurkitzen da Alegiako Sutarri dantza taldea errelebo aldetik, osasuntsu dago?

Iraola. Hori da falta dena, errelebo pixka bat. Beste jende bat erakarri nahi dugu, eta bila ere hasi beharko dugu. Momentu honetan 65 gaude, eta COVID-19aren kontuarekin asko jaitsi da matrikulazioa. Bi urte hauetan asko jaitsi da.

Urkiri. Txikiak ere badatoz. Orain tailerra egiten ari gara eta haur batzuk apuntatu dira, eta esperantza badago jarraituko dutela.

Iraola. Eta lehen utzi duen jendea ere bueltatuko dela uste dut.

Laborde. Atzetik dauden lan horiek politak dira, baina lehen jendeak askoz ere lan gehiago egiten zuen, eta geroz eta gutxiago ikusten da; eta ez da talde honetan bakarrik, talde guztietako kontua da. Honelako taldeak beharrezkoak direla uste dut, ea zerbait baden jendea erakartzeko.

Dokumentuaren akzioak