Dokumentuaren akzioak
«Herriak herriarentzat egina da Gau Beltza»
Gero eta herri gehiagotan antolatzen dute Gau Beltza urriaren 31n. Gero eta herri gehiagotan antolatu nahi izaten dute, baina ez dakite nola hasi. Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza Gau Beltzari buruzko baliabideak eskaintzen. Badu eebgune bat: gaubeltza.eus. Prestakuntza saio bat antolatu dute, Internet bidez, bihar 18:00etan. Edozeinek parte har dezake. Gau Beltzari buruzko informazioa eskainiko dute, eta jaia antolatzen duten herri batzuetako ordezkariek beren esperientzia kontatuko diote denei. Euskaltzaleen Topaguneko kultura teknikaria da Ainhoa Luz Ardanza (Ermua, Bizkaia, 1981).
Gau Beltzari buruzko prestakuntza saio bat. Zer daukazue erakusteko edo zer dago ikasteko Gau Beltzari buruz?
Gau Beltzari buruzko prestakuntza beharra herrietatik datorkigu. Euskal Herriko gero eta herri gehiagok berreskuratu nahi dute ohitura hori eta baztertu nahi dute globalizazioak sortu duen Halloween jaia. Gure ohituretara bueltatu nahi dute, eta jai horri benetako izaera bat eman nahi diote.
Zein dira zenbakiak?
2022an 133 elkartek edo eragilek parte hartu zuten prestakuntza saioan. Biharkorako ere askok eman dute izena. Gau Beltza errotzen ari dela pentsarazten digu.
Nork deitzen dizue? Elkarteek, udalek...
Gehienak hezkuntzakoak —irakasleak— eta kultura eta euskara elkarteak dira. Udalen batek ere bai.
Gau Beltza bat eta bakarra da?
Gau Beltzak badauka izaera bat: zabaldu eta partekatu. Herri bakoitzak bere izaera ematen dio, bere herrira egokitzen du. Herri horietan komunitate bat sortzen da jaiaren inguruan. Herriak herriarentzat egindako jaia da.
Zuen helburuetako bat ohitura zahar bat berrasmatzea da. Zer da berrasmatzea?
Herri bakoitzak bere Gau Beltza sortzen du, oinarri batetik: neguko festa bat izatea, dolua tratatzea eta jendearen beldurrak ateratzea.
Zuen esanetan, kultura propioak, iraungo badu, «sustraitutako adierazleak» behar ditu. Kasu honetan, zeintzuk dira? Ez da nahikoa haurrak mozorrotzea eta goxoki eske ibiltzea?
Balio batzuk daude. Halloween eskean oinarritzen da. Gau Beltzaren balio asko naturari, kontsumoari eta transmisioari lotuta daude. Naturari eta naturaren zikloei lotuta dago. Neguko produktuei garrantzia ematen zaie: kalabazak, sagarrak, intxaurrak, gaztainak... Azkenean, Gau Beltzaren inguruan lurra pixka bat lokartu egiten da. Gau Beltzak bultzatzen du mozorroak etxean ditugun gauzekin egitea, ez mozorroa erostea. Gau Beltza transmisioa ere bada, aitona-amonekin partekatzea. Aitona-amonei Gau Beltzari buruz galdetu beharko genieke, gauza asko ikasiko genituzke.
Europan sortutako ohitura bat da, Euskal Herrian ere egiten zen, eta AEBek globalizatu dutelako bueltatu zaigu berriro. Tristea? Globalizazioaren erakusle?
Tristea da gure ohiturak berriro hartu beharra, esateko herri bat garela.
Nola aurre egin dakioke urteetan kaleetan eta iruditerian lekua hartu duen Halloween jaiari?
Kostatu egiten da, baina badago kontzientzia bat.
Gau Beltza heriotzari lotuta dago. Hala ere, oso gutxi hitz egiten da heriotzari buruz. Tabua da?
Oraindik isiltasuna dago heriotzaren inguruan. Heriotza eta gure beldurrak ez ditugu modu naturalean kudeatzen. Gau Beltzak keinu bat egiten dio horri ere. Badaude herri batzuk Gau Beltzarekin heriotza lantzen dutenak.
Gau Beltza festa bat da?
Festa baino gehiago, oroimena edo bizipenei buelta bat ematea.
Haurrak dira protagonista?
Ez du zertan. Herritar guztiek parte hartu dezakete, umeetatik hasi eta aitona-amonetaraino.
Dokumentuaren akzioak