Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herriak bere buruaz beste

Dokumentuaren akzioak

Herriak bere buruaz beste

Donibane Lohizuneko eta Ziburuko herritarrek, barkamena eskatu, eta beren burua jo dute munduko makurren errudun, Zanpantzarren epaiketan.
Egilea
Ekhi Erremundegi
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/02/19
Lotura
Iparraldeko Hitza

Ikusmin handia zegoen atzo arratsaldean Donibane Lohizunen (Lapurdi). Inauteri eguna zuten, Zanpantzarren epaiketa. Iazkoak eragindako polemikaren ondotik, ahoz aho zebilen aurten nor izanen ote zen herriaren haserrea pairatuko zuena. Iaz, Marc Aillet Baionako apezpikuaren itxura eman zioten Zanpantzarri, abortatzeko eskubidearen kontra behin eta berriz egin izan dituen adierazpenak salatzeko. Apezpikua plaza publikoan erre izanak Frantzia guzia asaldatu zuen, Euskal Herriko ohitura ahantzi eta argazki soilari erreparatuta.

Ziburuko (Lapurdi) plazatik abiatu zuten desfilea, joaldunei segika. Gibeletik zuten Zanpantzar, Dr. Martensak soinean zeramatzan apezpiku batek sokatik tiratzen zuela. Eta, haien ondotik, gisa guzietako mozorroak: sorginak, pailazoak, indianoak, zirtzilak… Aurpegia beltzez tindatutako talde batek pankarta bat zeraman, All the power to the people leloarekin. Eta, azkenik, tramankulu berezi bat: Harley Davidson panel bat zeraman eskuter bat, garagardoak banatzen zituen karro bati tiraka. «Ostatu Harley Davidson Anti USA Gora Euskadi», hala azaldu zuen eskuter gidariak beren tramankulua zer zen galdetuta. Karroaren gainean dantzan ari ziren bitartean, txalo eta irri artean hartu zituzten desfileari begira gelditzen zirenek.

«’Mea culpa’» eta autodafea

Ziburutik Donibane Lohizunera karrikaz karrika ibili ondotik, Luis XIV.enaren plazara iritsi zen desfilea. Zanpatzarra plaza erdian paratu, eta dantzan eta kantuz aritu ziren inguruan.

«Aurten nehoiz baino gehiago, epaiketarako mamia badela ezin uka, Donald Trumpek egunero ateratzen dituen inepziak lekuko. Baina hori guzia epaitzea errazegia litzateke; utz dezagun beste aldi baterako», hasi zuten epaiketa Donibane eta Ziburuko herritarrek. Kontzeptu berezia proposatu zuten: herriak bere burua epaitzea. «Zein den erraza kritikatzea, leporatzea, salatzea… Gure mea culpa egiteko garaia iritsi da», aldarrikatu zuten. Urteetan etxebizitzen espekulazioa, eskuineko zein ezkerreko politikarien jukutriak, diru azpijokoak, integrismoa, akulturazioa eta mundializazioaren arriskuak eta bestelakoak epaitu ondotik, herritarrek beren burua jarri zuten akusatu eta errudunaren aulkian. «Gaur gure bizi esentzia eskainiko dizuegu, bizia sakrifizio gisa, defenditzen dugun politika, sinesmen, eta kulturarentzat bizia galduko dugu. Bai, Zanpantzar, gaur zu zara gu garena, gu gara zu zarena», oihukatu zuten plaza erditik. Herritarrak gogoetara deitu eta minutu bateko isilunea atxiki ondotik, «sua, sua, sua» oihuen artean erre zuten Zanpantzar. Aurtengoak ere izanen du oihartzunik, seguru.

7329072

Dokumentuaren akzioak