Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri txiki bateko euskal dantza talde handia

Dokumentuaren akzioak

Herri txiki bateko euskal dantza talde handia

Egilea
Erkuden Ruiz Barroso
Komunikabidea
Guaixe
Tokia
Lakuntza
Mota
Albistea
Data
2024/05/21
Lotura
Guaixe
Dantzariak Elai Alai Egun batean. UTZITAKOA

Elai Alai dantza taldeak 30 urte baino gehiago daramatza Lakuntzan euskal dantza bultzatzen eta sustatzen. Urtean zehar hainbat ekitaldi egiten dituzte, tartean maiatzaren 25ean ospatuko duten dantza taldearen eguna.

Elkarte bezala eta Elai Alai izenarekin lehenengo aldiz estatutuetan eta Nafarroako Gobernuan 1988. urtean agertzen dela esan du Natalia Razkin Lakuntzako Elai Alai dantza taldeko juntakideak. Dena dela, aurretik, 1970eko hamarkadan, Biltokiko gazteak Alkate dantza herriko dantza berreskuratzen aritu ziren, eta harekin batera euskal dantza egiten ere hasi ziren. Elai Alai dantza taldearen hastapenak ziren; gazte horiek 1980ko hamarkadaren amaieran dantza taldea elkartea ofizializatu zuten. Urtero bezala, "betidanik", Lakuntzako dantza taldearen eguna maiatzaren 25ean, larunbata, ospatuko dute: Elai Alai Eguna.

45 dantzarik osatzen dute gaur egun Elai Alai dantza taldea: 35 haur eta gazte eta hamar heldu, "40 eta 50 urtekoak. Batzuk aurretik egondakoak eta beste batzuk Lakuntzara bizitzera etorri direnak". Haien kabuz jauziak eta euskal dantzak egiteko antolatu ziren eta duela hiru urte inguru taldean sartu ziren helduak ere. Gainera, aurten haur txiki asko sartu direla eta taldea sendotu dela azaldu du Razkinek: "zazpi edo zortzi haur sartu dira, eta aurrerapauso bat eman dute. Iristen da adin bat, 15 edo 16 urterekin, aukeraketa egiten hasten direna, jarraitu edo utzi".

Bost talde daude: haur txikien taldea, ertainen bi talde, gazteen talde bat eta helduena. "7 eta 12 urte bitartekoa jende gehien dagoen taldea da". Bi taldetan banatuta entseatzen badute ere, elkarrekin dantzatzen dira ekitaldietan. Astean behin entseatzen dute, ostiraletan, eta irakaslea Leire Sagarzazu da.

Euskal dantzak eta folklorea egiten du Elai Alaik. Urte hasieran hainbat ekitaldirekin egutegi bat prestatzen dute; batzuk finkoak dira Olentzero eguna, "Olentzerori agurra egiten dio taldeak, eta oso polita da"; Lakuntzako urtarrileko festetan egiten duten ekitaldia egitarauaren barruan, edo aurten maiatzaren 25ean ospatuko duten Elai Alai eguna. San Juan egunean dantzatuko dira, eta Iruñeko Folklore egunera ere joaten dira. Igandean ospatuko den Altsasuko Dantzari Txiki egunean parte hartzeko gonbidapena jaso zuten, baina "azkenean" ezingo dira joan.

Razkinek dantza taldean seme-alabak ditu, eta elkarte bat denez, tartean behin juntakide izatea egokitzen zaie. Aurreko urtean hartu zuen ardura, eta datorren ikasturtean ere egonen da. Dantza taldeko dantzaria izan zen, baita irakaslea ere. Abuztuko festetarako dantzari ohiak biltzea eta "zerbait" prestatzea hausnartzen ari dira. "Niri asko gustatzen zait plaza dantzan aritzea". Ekitaldi berezi horretarako informazio bilatzen ari zirela, "zerrendatik tiratuko bagenu harrituko ginateke zenbat jende izan den dantzari; zenbat gazte izan garen dantzari". Belaunaldiz belaunaldi joan den zerbait dela gaineratu du lakuntzarrak: "Nik uste dantzariak izan garenak seme-alabak dantza taldean sartu ditugula, indar hori mantentzeko".

Elai Alai dantza taldea "balioan jarri" behar dutela esan du Razkinek: "Herri txiki bat garelako, urte pila bat daramatzagu dantza taldearekin, eta urte batzuk dantzari gutxirekin egon bada ere, dantza taldearen sentimendu bat da. Mantendu behar dugu elkarte baten seriotasunarekin. Juntakideak beti saiatu dira dantzariak bilatzen, eta irakasleak bertakoak izaten". Iruñeko neska bat ere irakasle izan zen. "Aurrera begira dantzariak motibatuak egotea eta euskal dantzak bultzatzea, ezagutaraztea eta gazteek gure dantzak zeintzuk diren ezagutzea da gure helburua". Dantzara "gustura" joatea ere bada haien nahia.

Ospakizuna
"Betidanik" ospatu izan duten festa da Elai Alai eguna. Aurten maiatzaren 25ean, larunbata, izango da, eta azken urteetan bezala Bertako Azokaren asteburuarekin bat egingo du. "Gure eguna da, baina herri osorako festa bat bezala planteatzen dugu". Erraldoiak eguerdiko kalejirara eta buruhandiak arratsaldeko jolasetara gonbidatu zituzten, eta sorpresak ere izango dira.

Dokumentuaren akzioak