Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Herri ttikia izateko, dantzari aunitz gara, baina mutikoetan ni naiz zaharrena»

Dokumentuaren akzioak

«Herri ttikia izateko, dantzari aunitz gara, baina mutikoetan ni naiz zaharrena»

Joseba BERTIZ, Igantziko gaztea

«Herriko gauzetan parte hartzea gustuko duen 20 urteko mutiko igantziarra naiz». Halaxe aurkeztu digu Joseba Bertizek bere burua, eta horrez gain, «saltseroa eta alaia» dela ere aitortu digu. Denbora librea duenean ez da geldirik egoten den horietakoa, eta bere harat honatak dira horren lekuko. Goi Mailako Ziklo bat ikasten ari da, baina dantza, kirola eta musika dira bere afizio nagusiak, hirurak ere «ttiki-ttikitatik egin ditudanak».
Egilea
Ttipi-Ttapa
Komunikabidea
Erran
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/09/26
Lotura
Erran

Musika, kirola eta dantza

Musika ikasten sei urterekin hasi omen zen: «perkusioa ikasten hasi nintzen eta hamabi urtez ikasten ibili ondotik, orain dela urte bat eskas gelditu nintzen ikasten». Gutti dira gaur egun probatu ez dituen perkusioak: «perkusioaren arloan ahal den guztia jotzen dut». Hala ere, badu bat guztien artean bereziki maite duena: «gehien gustatzen zaidana bateria da. Edozein arrazoigatik estresatua baldin banago, bateria jo eta dena ahazten dut».

Elutxa txarangan ere jotzen du duela lau bat urtetatik eta hemen ere perkusioa da bere musika-tresna. Baina horrez gain, kontatu digunez, «Elizondoko gaiteroei laguntzen» ere ibiltzen da «eta zortea baldin badut, talderen batetik bateria jotzeko deitzen didate».

Kirola egitea eta lagunekin egotea ere atsegin du denbora librea duenean, eta  Beti Gazte taldean futbolean ibilitakoa omen da: «orain ezin dut futbolean jokatu, lesio bat izan dudalako». Baina futbolean bakarrik ez. Bertze kiroletan ere moldatzen da.

Herriko dantza taldean ere mutiko kozkorra zela hasi zen: «bortz urte edo igual guttiago nituenetik ari naiz», dio.  «Betidanik gustatu izan zait. Familian, arreba ere dantzaria da, amari ere gustatzen zaio... Euren aldetik hasi nintzen eta gustura segitzen dut. Herri ttikia izateko dantzari aunitz gara Igantzin». Halere, aitortu digu dantza taldean ari den mutilik zaharrena bera dela «ez dakit zergatik, baina ni gustura aritzen naiz».

Herriko besten atarian, urtero bezala herriko dantza taldeak eginen duen jaialdian ere parte hartuko du Bertizek, baina baita bestetako egun haundian ere,  «San Migel Egunean Ezpatadantzari bezala ere ateratzen naiz».

Lana eta besta

Bestetan lana egitea ere tokatuko zaio: «bi egunez txarangarekin jotzen dugu. Bezperan, txupinazoaren ondotik kalejira egiten dugu, eta gauez musikarik ez bada, goizaldera arte ere jo izan dugu, aspertu arte. Herri bazkari egunean ere jotzen dugu».

Baina hori ez da aitzakia besta egin gabe gelditzeko: «ahal bada besta, baina kontrolatuta», onartu baitu. Baina lana egitea tokatuagatik, herri bazkari eguna da bestetan «gehien disfrutatzen dudan eguna: gazteen eguna bezala da, goiz-goizetik gosaltzeko biltzen gara, bakilletara joaten gara, gero herri bazkaria dugu... Egun konpletoa da». Ekitaldirik gustukoena, berriz, bakillak. Nahiz eta, bere garaian sustoa hartutakoa den: «batean harrapatu eta kolpe kozkorra hartu nuen, baina urte batzuetan barrenean ibiliz, aunitz disfrutatu izan dut».

Gazteak gogotsu

Dantzan, musika joz, herri kiroletan...  «Bestetako ekitaldi guztietan parte hartzeko prest egoten naiz eta behar denean laguntzen saiatzen naiz». Berak bezala, herriko gazteek ere bestak «gogoz» hartzen dituztela uste du, eta horren seinale gazteen parte-hartzea: «aurten pilota txapelketa antolatu eta jende gazte aunitz aritu gara. Herri kiroletan ere gero eta gehiago animatzen gara». Txoznaren ardura ere gazteek dute eta herri kirolen eta bakilletako ikuskizunaren gastuak ere euren gain hartzen dituzte gazteek. Beraz, bada bestetarako gogoa eta ilusioa. Are gehiago, Bertizek umoretsu aipatu digu «akaso bestetan egun bat gehiago ez litzatekeela gaizki etorriko».

«Herri ttikia izateko, dantzari aunitz gara, baina mutikoetan ni naiz zaharrena»

Joseba Bertiz, musika, kirola eta dantza maite dituen Igantziko gaztea.

Dokumentuaren akzioak