Dokumentuaren akzioak
Herri sustraien bila Gernikan
'Nortasunaren bila' ikusgai izango da Gernikako San Juan Ibarra plazan, 22:30ean, San Roketxu egunean
Herriaren sustraiak ezagutzeko antzezlana da Antzart taldeak antzeztuko
duena. Mitologiak eta errealitateak bat egiten dute ikuskizunean.
Izaroren urtebeteko ibilbidea kontatzen du, gorputzaren eta dantza
garaikidearen bidez. Ikuskizunaren oinarria euskal kantak dira, eta Ken
7, Su Ta Gar, Gatibu eta Exkixu taldeen eta Kepa Junkera
trikitilariaren abestiak daude ikuskizunaren barruan.
Nortasunik gabeko herri batera eramango gaitu Antzart
taldeak. Horko biztanleek, nortasunaz gain, alaitasuna ere galdu dute.
Itxaropenik ez dagoela esan daiteke, baina gris guztiaren artean kolore
apur bat ere ageri da. Kolore horrek Izaro du izena, eta hura izango da
nortasuna bilatzeko gidaria.
Antzart taldeak urteak daramatza Eneko Amezketak zuzendurik
nortasunaren bidea aurkitu nahian. Gaur egun, antzezlanak jokatzeaz
gain, Gernika izeneko antzezlan berria prestatzen ari da Basauriko taldea.
'NORTASUNAREN BILA'
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Gernikako San Juan Ibarra plazan.
Dokumentuaren akzioak