Dokumentuaren akzioak
Herri musikaren jardunaldiak asteburuan Oiartzunen
Dantzaren eta musikaren arteko harremana aztertuko dute bi egunetan
Jardunaldiek hiru helburu nagusi izango dituzte Xabier Mendizabal Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko lehendakariak azaldu zuenez: «Herri musikaren eta dantzaren ibilbidea eta beraien arteko lotura aztertzea, gaur egun nola dauden ikustea eta, azkenik, Euskal Herritik kanpo nola landu dituzten ezagutzea». Hori gauzatzeko, dantzari eta musikarien ikuspuntua jasoko dute hitzaldi eta mahai-inguruetan, bai Euskal Herriekoena, bai kanpokoena. Larunbat goizean herri musikari eta dantzari buruzko mintegia izango da Ergoiengo auzo elkarteko aretoan, eta Iñaki Irigoienek, Jose Inazio Ansorenak eta Elias Martinez musikologo gaztelarrak hartuko dute parte. Arratsaldean gaiari buruzko komunikazioak aurkeztuko dituzte, eta iluntzean herri dantza jaialdia izango da Elorsoro udal kiroldegian. Bertan, Zuberoako dantzak, Dantzari dantza eta Erregelak, Gaztela-Leongo herri dantzak eta Brokel dantzak taularatuko dituzte Zuberoako taldeak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Valladolidekoak. Igandean, herri dantzen tailerra egingo da goizean, eta arratsaldean, erromeria Haurtzaro ikastolan. Lartaun txistulari taldeak, Valladolideko La Charambita dantza taldeak, Gasteizko albokariek, Roberto eta Kepa Bizkaiko trikitilariek, Alkarkide txarangak eta Iruñeko gaiteroek hartuko dute parte erromerian.
Dokumentuaren akzioak