Dokumentuaren akzioak
Herri musikaren hirugarren jardunaldiak azaroaren 27 eta 28an burutuko dira
Herri Musikaren 2. jardunaldiak Herri musika eta herri dantza-ri buruzkoak izan ziren eta bertan parte hartu zutenenek, behin eta berriz aipatu zuten herri musika eta dantza bizirik jarraitzea oso zaila izango zela, non eta hezkuntza sarean eta zentroetako egitarauetan gai honi garrantzia eta tratamentu berezia ematen ez bazaio.
Bigarren jardunaldi hauetan egin ziren mintegietako solasaldi eta eztabaidetan, Hezkuntza sareak herri musika eta herri dantzan zuen eraginaz oharturik, 3. jardunaldietarako gaitzat proposatzea erabaki zuten. Hori dela eta, gai monografiko hau ildotzat harturik, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Herri Musikaren Txokoak Ikastolen Federazioari proposatu zion jrdunaldi hauek elkarrekin antolatzea.
Aurrekoetan bezala, hirugarren jardunaldietarako gaiean eskarmentu handia duten profesionalen eta arlo desberdinetako euskal aditu eta jakintsuen gidaritza izango dute. Bestalde, eta joerari eutsiz, kanpo aldera lehio bat ireki nahi dute. Horretarako oraingo honetan Kataluinako esperientzia ezagutuko dute bertako Aula de la Música Tradicional i Popular de Catalunya eskolaren bitartez. Egitaraua erabat osaturik ez badago ere, dagoeneko aurrerapena aurkeztu dute.
Egitaraua
Azaroak 27an, larunbata, Iñaki Irigoen, Josu Larrinaga, Emilio X. Dueñas, Jon Maia eta beste zenbait adituk Herri musika eta herri dantza hezkuntza sarean-i buruzko mintegia egingo da. Ondoren, mintegiarekin jarraitzeko, galde-erantzunei emango zaie txanda eta eztabaida zabala proposatuko da hizlariekin. Egunarekin bukatzeko, dantza eta musika emanaldia izango da.
Azaroak 28an, igandean, larunbatean eztabaidatutakoak praktikatzeko aukera emango duen dantza tailerra izango da, dantzan ikusi, ikasi eta irakasteko. Azkenik, urteroko legez, jardunaldiak festa giroan bukatzeko, erromeria egingo da arratsaldez inor dantzatzeko gogoz geldi ez dadin. Aurtengoan eskola ingurutako jendea izango da protagonista.
Dokumentuaren akzioak