Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri baten dantza

Dokumentuaren akzioak

Herri baten dantza

'Dantza' filmaren emanaldia izanen da otsailaren 14an, ostegunean; 15ean, ostiralean, eta 16an, igandean, Iortia kultur gunean. Telmo Esnal da filmaren zuzendaria. Dantzaria izandakoa, dantza erabili du herri nekazari baten istorio bat kontatzeko. Ostiralean Altsasun egonen da filma aurkezten
Komunikabidea
Guaixe
Mota
Albistea
Data
2019/02/11
Lotura
Guaixe

Dantzaria izan zen Telmo Esnal zinemagilea Zarauzko Iratzarri dantza taldean hasieran, eta Goizaldi taldean ondoren. Garai horretan Juan Antonio Urbeltzen zortzikoa eta beste hainbat euskal dantzaren ikuskizunean parte hartzeko aukera izan zuen. Urbeltzen lana ezagutzeko aukera izan zuen ere. Hortaz, "beti" izan du Esnalek euskal dantzaren ingurua "zerbait" egiteko. Zerbait hori Dantza filma da. Zinemaren eta dantzaren lengoaian elkartu ditu "herri nekazari baten" istorioa kontatzeko. Datorren astean, otsailaren 14an, 15ean eta 17an, Altsasuko Iortia kultur gunean proiektatuko dute filma, eta ostiralean, otsailaren 15ean, Telmo Esnal filmaren zuzendariarekin solasaldia egonen da. 

Herri baten dantza
'Dantza' iflmaren eszena bat. TXINTXUA FILMS
Dantza izenburuarekin argi dago dantza izanen dela nagusi Telmo Esnal zinemagile zarauztarraren azkenengo lanean. Hala ere, dantza ez da gaia. Lengoaia baizik. Herri nekazari baten istorioa kontatzeko Esnalek erabili duen hizkuntza da. "Dantzaren lengoaia erabiliz pelikula bat egin dugu. Bi lengoaia ditugu hor: zinea eta dantza. Eta horiek uztartuz istorio bat sortu dugu". Dantzaren sinbologia jarraituz sortu du Esnalek Dantza filmaren istorioa, Jose Antonio Urbeltzek "hainbeste urtetan" egindako lana jarraituz.

Sinbologia
"Ez dakigu nondik datozen dantzak, badakigu oso zaharrak direla, baina badakigu gure izaera kontatzen dutela". Urbeltzek lurrarekin lotzen ditu dantzak, eta, ondorioz, lurra lantzearekin, fruituekin eta izurriteekin. Dantzen atzetik dagoen hori guztia hartu eta istorioa bat sortu zuen Esnalek. "Dantza pila bat daude eta aukeraketa bat egin dugu". Esnalen lana, gidoilari bezala, beraz, dantzak istorioaren "zerbitzura" jartzea izan da: "dantza honekin kontatuko dugu zer". Dantza istorio bat kontatzeko erabili du. Esaterako, dantza bat erritual moduan agertu dute, baina hori ez da bere benetako esanahia. Gainera, filmean ez dago protagonista bat, eta horrek ere esanahia badu: "kolektibitateak du garrantzia. Gure Euskal Herri honetan kolektibitatea indibidualtasuna baino garrantzitsuagoa izan da".

Dokumentalaren eta fikzioaren arteko generoan kokatu ahal da Dantza filma. Hala ere, Esnalendako fikzioa da, nahiz eta dantzen inguruan egin diren ikerketetan eta hipotesietan oinarritu diren filma egiteko. Baina "herri imaginario" bateko istorioa kontatzen du. Juan Antonio Urbeltzen dantzen inguruko hipotesietan oinarritu da Dantza filmaren istorioa osatzeko. Hala ere, hipotesiak direla esan du Esnalek, "ezin dugu jakin hala zen edo ez".

Dantza, hizkuntza
Hasieran lurra dago. Lurrak zuhaitzak ematen ditu eta zuhaitzak izurrietatik zaindu behar dira. Babestuz gero, zuhaitzek fruituak ematen ditu eta fruituarekin sagardoa egiten da. Orduan, herri baten lanari esker, sagardoa lortzen da, eta hori ospatzeko festa bat egiten da. Festan harreman pertsonalak sortzen dira. Bizitzaren zikloa kontatzen du Dantza filmak. Urtaroen joan etorriak. Eta hori guztia hitzik esan gabe, dantzaren bitartez. "Hitzen bat esaten da, baina ez du garrantzirik".

Dantzak erritualak izan zitezkeen, edota izurriteen aurkako "konjuroak": "Urbeltzen iritziz, esaterako, ezpata dantza ez da gerra dantza bat nahiz eta ezpatak erabili. Izurriteen aurkako erritu bat zela dio". Hortaz, Esnalek dantza konjuro gisa erabili beharrean, izurritea erakusteko erabili du dantza. "Zinemak dantza beste modu batera ikusteko aukera ematen du. Dantza beti ikuspuntu batetik ikusi dugu, eta hori aldatzeko aukera izan dugu". Zinema eta dantza uztartuz, beraz, aberastasuna eman dio dantzari. "Ez dugu dantzak sekula horrela ikusi".

Urtaroak eta bizitzaren aroak kontatzen ditu filmak ere. Batzuek Euskal Herriko historia kontatzen duela ere esan dute. "Pelikularen atzean ziklo bat dago. Ez da urte batean gertatzen den ziklo bat. Urtaroak agertzen dira, eta, aldi berean, hainbat denbora tarte ere agertzen dira. Denboran saltoak ematen dira".



Grabazioa
"Apustu" handia egin dute Dantza filma egiten. Dantzaren lengoaia erabiltzen den arren, edonork uler dezakeela esan du zuzendariak. Gainera, soinuek garrantzia handia hartzen dutela azaldu du. Grabazioarekin hasi aurretik bazekiten "ezohiko" pelikula bat eginen zutela, eta horrek ere ekoizpena garestituko zuela. Hala ere, "konplikatua" izan den arren,  "oso polita"ere  izan dela dio Esnalek. Urte batean grabatu zuten filma, baina aro desberdinetan. "Urtaroz urtaro grabatu behar genuen: negua, udaberria, uda eta udazkena. Beraz, piezaz pieza grabatu behar izan dugu eta eskatzen zuen leku bakoitzean aro jakin horretan". Beste arazo bat ere izan zuten, izan ere, Esnalek azaldu duenez, ez daude euskal dantzari profesionalak; hortaz, dantzariek beste ogibide batzuk dituzte eta asteburuetan eta oporretan grabatu behar izan zuten filma. Hala ere, "emaitza oso profesionala da, dantzari itzelak dira".

Dantza filmaren emanaldiak izanen dira datorren asteburuan, ostegunean, ostiralean eta igandean. Igandean, gainera, Telmo Esnal izanen da Altsasuko Iortia kutlur gunean filmaren aurkezpena egiten eta, ondoren, filmaren nondik norakoak eta "honen atzean" dagoena kontatuko du. Galdera guztiak "ongi etorriak" direla esan du. Hiru emanaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude.

Donostiako Zinemaldian mustu zuten filma, eta Nazioarteko Film Jaialdian Global in Progress saria lortu zuen. 

Dokumentuaren akzioak