Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Herri Arte Eskolak hasi du bidea

Dokumentuaren akzioak

Herri Arte Eskolak hasi du bidea

Egungo Musika eta Dantza Eskolak aldaketa esanguratsuekin ekingo dio ikasturteari, izan ere, datorren irailean Herri Arte Eskolari forma ematen hasiko zaio, hainbat alorretako aukerak eraberrituta, baita berriekin ere.
Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2021/04/19
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Aizpea Otaegi alkatea eta Garazi Lopez de Etxezarreta Musika Patronatuko lehendakaria.

Egungo Musika eta Dantza Eskolak aldaketa esanguratsuekin ekingo dio ikasturteari, izan ere, datorren irailean Herri Arte Eskolari forma ematen hasiko zaio, hainbat alorretako aukerak eraberrituta, baita berriekin ere.

Musika eta Dantza Eskolak Herri Arte Eskola izateko erabakiaren zioen gainean mintzatu da Aizpea Otaegi alkatea, eta 2013ra arte egin du atzera begirada. Udal Patronatuak, orduan onartu zuen hezkuntza erakunde hori birformulatzeko beharra, “heziketa artistikorako eskaintza publikoko beste eredu bat izatera igaro zedin”. Aurreko agintaldi planean “berariaz” jaso zela Arte Eskola bilakatzeko helburu eta erronkari heltzea zehaztu du Otaegik, eta bide horretan egun urratzen ari diren 2019-2023 agintaldi planean aro kultural berri bati bidea zabalduz hiritar guztientzat eskaintza artistiko integral, bateratu eta berritzaile bat garatzea helburu izango duen Arte Eskola egikaritzen hasteko mandatua eman ziola udal gobernuak erakunde autonomoari gogora ekarri.

Eraldaketa horren lehen pausua egin dute aurtengo ikasturtean bertan azaldu duenez, “antzerkia, eskolatik bertatik eskaini da”.

Eskolaren etorkizunera begirako norabidea irudikatzeko orduan kontuan hartu diren irizpide ideologiko eta pedagogikoen berri eman du alkateak gainera: “Hezkuntza arautuan arteak duen presentzia eta ikuspegia mugatua indartu nahi izana, arte diziplina ezberdinetarako sarbidea demokratizatzea, gaitasunak trebatzeaz batera beste arte diziplinekiko sentsibilizazioa areagotzea, gorputz adierazpena eta sormena hezkuntza proiektuaren ardatzetara ekartzea, ikusle entzule profilak eskolako ikasle guztien identitatean txertatzea, herriko, eskualdeko eta herrialdeko sortzaile zein kultura edota arte egitasmoei arreta eskainiz harremanak sustatu eta lankidetza proiektuak gauzatzea, inklusio sozial eta aniztasun kulturala berariaz erreparatuko dituen eta adin guztietako pertsonei zuzenduriko hezkuntza eskaintza aurrera eramatea, batzuk baino ez dira”.

Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteria Musikaleko lehendakariak hartu du hitza ondoren. Garrantzitsuena eskolaren norabide berriaren zergatia eta zertarako egin den dela zehaztuta, aldaketa horren lehen urratsen zehaztapenak eman ditu. Datorren irailean, hainbat berritasuna jarriko dituztela martxan azaldu du, eta hurrengo ikasturteetan eraldaketa horretan sakonduz jarraituko dutela. HAla 4-7 urte arteko haurrei eragingo die lehen inplementazioak: “4-5 urte arteko haurrek musikan oinarritutako 45 minutuko saio bat eta gorputz adierazpenean oinarritutako beste bat jasoko dute astero. 6-7 urteko ikasleek horiei jarraipena emateaz gain, ahotsean oinarritutako eta arte plastiko-ikusizkoei bideratutako saio bana ere jasoko dute. Era honetan,  arte diziplina ezberdinetan murgildu eta aurreiritzietatik salbu, ziurrenik bestela probatuko ez lituzketen aukera berriak deskubritu eta biziko dituzte”.

6-7 urteko ikasleek gorputz adierazpenaren baitan errotazio sistema baten bidez eskolan ikasgai izango diren dantza espezialitate guztiak deskubrituko dituztela ere azaldu du: euskal dantza, balleta, klakea eta berrikuntza gisa, dantza urbanoa eta garaikidea ere.

Adin tarte horretatik kanpo ere, aukera ugarituko duela eskolak jakinarazi du Lopez de Etxezarretak. Musikaren eremuan, berriz, alboka eta dultzaina ikasi ahalko dira, euskal instrumentu herrikoien taldea sendotuz. “Erraz ulertzeko, Eskola Kirolean egiten den moduan, hain hegemonikoak ez diren instrumentuak edo diziplinak ezagutzeko aukera izango dute, multi arteak ezagutzeko aukera, finean”, azaldu du.

Ahotsak ere berariazko lanketa izango du, eta berrikuntza aipagarrienetako alorrean, hitza nabarmendu du, “hitzaren inguruan garatuko den eremu artistikoa izango da, eta osagai artistiko izaera aitortuta, 8 urtetik aurrera hitzaren itsaso zabalean jolasten  eta artistikoki ahalduntzen hasteko aukera izango da. 12 urtetik aurrera hitzaren lanketa espezifikoagoei bidea irekiko zaie, hitza tolestuz, leunduz, edota digitalizatuz, eta 18 urtetik aurrera ere aukera izango da”. Hitza eremu digitalari lotuz, ikasleek osatutako podcasten ekoizpen eta argitalpenak ere abian jarriko dituzte eskolan.

Hezkuntza proposamen berria doitu eta etengabe hobetu beharrarekin batera, beste arte diziplina batzuei keinu egitea ere aurreikusi dute, ikus-entzunezkoei, besteak beste.

Kultura plan estrategikoaren bat eginez, elkarlan organiko estua aurreikusi dute Otaegik eta Lopez de Etxezarretak Lekuonan arte bizien esparruan konpainia ezberdinen eskutik garatuko diren sormen egonaldiekin mediazio ekintzak eginez, zein liburutegiko proiektu eta espazio eraberrituarekin. Beste hainbeste aurreikusi dute, ildo beretik,  udalerrian kokatutako kultur erakunde eta norbanako zein taldekako eragile artistikoekin zubiak trinkotu nahi dituztelako: “Errenteriako gure ekosistema guztiarekin elkarlanean eraiki nahi dugu. Eraza da esatea zein den asmoa, gero, hori egiten asmatu behar da”.

Ikasturte berri koloretsuagoa aurreikusi dute biek, eta jakinarazi, matrikulazioaren gaineko zehaztapen denak datozen asteetan jakinaraziko dituztela.

Dokumentuaren akzioak