Dokumentuaren akzioak
Hernani, Oiartzun eta Hiriburuko musikari eta dantzari gazteek Italiara eramango dute euskal musika
Bihartik hasita eta datorren maiatzaren 25a bitartean euskal musikari eta dantzari gazte talde batek euskal kultura erakutsiko du Italiako Rimini hiriko La borgata che danza, Festival di strada di musiche della tradizione orale jaialdian. Bidaia hau iaz hasi zen kultur truke baten bigarren partea da. Orduan Italiako Bellaria Igea Marina hiriko L’uva grisa elkarteko kideak Euskal Herrian izan ziren eta Oiartzungo Soinuenea Herri Musikaren Txokoa bisitatu zuten.
Soinueneako iturriek azaldu dutenez, bisitaldi honetan "aspaldi euren herrialdeko festak alaitzen zituzten dantza eta kantuekin gozatzeko aukera izan genuen. Nahiz eta gure artean egun gutxi eman zituzten, nahikoa izan ziren adiskidetasuna sortzeko eta kultur truke hau ahalbideratu duen elkarrizketa hasteko".
Bihar bertan helduko da kultur truke horren bigarren partea, Hernani eta Oiartzungo musika eskoletako gazteak Italia aldera abiatzen direnean. Eurekin batera joango dira ere Lapurdiko Leinua Konpainia dantza taldeko gazteak. "Talde honek euskal dantza tradizionala jorratzen du Hiriburu, Milafranga eta Mugerren, eta iaz dantzaren inguruko kultur trukea egin zuen L’uva grisa elkartearekin", azaldu dute.
Riminiko jaialdiaren egitaraua, italieraz, hemen.
Dokumentuaren akzioak