Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hemen dira Corpusak

Dokumentuaren akzioak

Hemen dira Corpusak

Egilea
Oihana Elorza Gorostiza
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2024/05/31
Lotura
Goiena
San Migel, prozesioan, apostoluak eta kofradiako kideak ondoan dituela.

Jesus Irizar Txutxin-i eskerrak emango dizkiote kofradiako kideek zein Oñatzeko dantzariek: prozesioa zuzen eginez lehenengoek eta domeka arratsaldeko dantza saioan bigarrenenek. Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak ere parte hartuko du domekako meza nagusian eta osteko prozesioan.

Badira bi aste San Migel parrokiako kanpaiek Corpusetako doinua jotzen hasi zirela, jaiak iragartzeko. Eta heldu dira. Asteburu honetan ospatuko dira, gaur, egubakoitza, hasi eta domekara bitartean. Hiru egun baina egitarau betea, adibidez, Oñatz dantza taldeko kideendako. Dantzariak, Corpus dantzak, dira jaien ezaugarri nagusia, eta aurten ere ospakizuneko parte izango dira, ohiko agerraldiak jasotzen ditu-eta egitarauak.

Egubakoitz goizean hasita

Unibertsitatearen aurrean, egingo dituzte lehen dantzak gaur, 09:00etan, eta handik joango dira gero, hainbat talde eginda, baserrietara, herriko ikastetxeetara eta kaleko auzoetara. Zapatu goizean plazan eta kaleetan egiten dituzten dantza saioek izaten dira Corpus dantzak ikusteko momenturik kuttunena herritar askorendako, eta aurten ere bilduko da jendea han. Prozesioa domekan egingo da; txistulariekin eramango dituzte santuen irudiak parrokiara eta mezan zein osteko prozesioan parte hartuko. Azken saioa domeka arratsaldean egingo dute, plazan, eta han egingo diote keinu Jesus Irizar Txutxin dantza-maisuari, herritarrekin batera. "Bederatzi herritar atera beharrean, irekia izango da soka eta parte hartu gura duen edonor sartu ahal izango da dantzara. Honekin gura duguna da sokaren sinbologia kontutan edukita denok elkartu eta berari eskerrak ematea egindako lanagatik", diote Oñatzeko dantzariek.

Kofradeak ere prest daude

Kofradiako kide ere bazen Txutxin, hura zen gidaria, eta omenaldirik onena guztia hark erakutsi bezala egitea izango dela adierazi du presidenteak, Manu Egañak: "Dena egin behar den moduan egitea da Txutxin-i gehien gustatuko litzaiokeena, eta horretan saiatuko gara". Domekako prozesioan hartuko dute parte kofradiako kideek. San Migelen irudia zaharberritu dute aurten, anderoendako kuxin berri batzuk erosi dituzte eta ileordeak gordetzen dituzten kaxetako forruak ere aldatu dituzte. Andero edo kofrade ateratzen direnetako batzuk min hartuta daude, eta ordezkoek hartuko dute euren lekua. Aurpegi berriak ere ikusiko dira, horrenbestez, prozesioan.

Bestalde, infantil mailako eskubaloi txapelketa ere jokatu da zapatuan Zubikoan, Debagoieneko, Gipuzkoako, Bizkaiko et Arabako selekzioen artean. Keinu bidezko antzerkia ere egongo da plazan: Grimm anaien parkea.

Goiena telebistan ikusgai

Goiena telebistak tarte berezia eskainiko die Corpus jaiei datorren asteleheneko Hemen Debagoiena saioan: 18:00etan, 20:00etan eta 22:00etan.

Dokumentuaren akzioak