Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Helduek eta dantza taldeek itxi dute Antzerki eta Dantza Astea

Dokumentuaren akzioak

Helduek eta dantza taldeek itxi dute Antzerki eta Dantza Astea

Komunikabidea
Txintxarri aldizkaria
Tokia
Lasarte-Oria
Mota
Albistea
Data
2022/06/11
Lotura
Txintxarri aldizkaria

Ikasturtean zehar ikasitakoa eta landutakoa erakusten ari dira astean zehar Kukuka eskolako kideak. Ostiral eta larunbatean egin dituzten azken bi saioetan, helduen taldeak eta dantza erakustaldia izan dira eszenarioa hartu dutenak. Hala ere, XX. Antzerki eta Dantza Astea bihar amaituko da Tabuen kutxatik oholtzara ikuskizun solidarioarekin. Dantzarien aurretik, II. Bideo Txapelketako sariak banatu dituzte.

Gaztetxoek aurreko egunetan egin bezala, helduen txanda izan zen ostiral arratsaldean Manuel Lekuona kultur etxeko agertokian. Atzo, dantza garaikideko pieza izan zen saio ireki zuena. Elkarri eragiten zioten zenbait dantzarik, etzanda zegoen beste baten inguruan mugitu eta koloretako marrak eginez.  Amaieran,  "bizitza elkarrekin dantzatzen dugun koreografia bat" mezua erakutsi zuten marrez betetako plastiko beltzaren beste aldean. Ondoren, Ilargi beteko eguna antzezlanaren txanda izan zen, hainbat egoera eta bizipenez betetako pertsonaiez betea.  

Gaur, berriz, dantza taldeen erakustaldia egin dute. Euskal dantza eta euskal dantza sorkuntza talde guztiak aritu dira eszenario gainean. Txikienek barre ugari eragin dituzte, ez gaizki aritu direlako, zirrarak eragindako zenbait une berezi izan direlako baizik. Oinutsik dantza egin duen neskatoa, erori dena, eserita behar zuenean altxa dena, publikoan beraien senideen bila zebiltzanak... Gainerakoek, berriz, oso bestelako piezak ekarri dituzte, zenbait biziak eta ikusgarriak.

Egunero emanaldien aurretik, II. Bideo Txapelketan parte hartu duten lanak proiektatu dituzte. Gaur, gauza bera egin dute, baina haiek ikusi ondoren, sariak banatu dituzte. Aurten bi bideo bakarrik aurkeztu dituzte lehiaketara, beraz, biek jaso dute saria. Postua erabakitzea kosta egin zaiela aitortu dute aurkezle lana egin duten Kukukako kideek. Avenida tabernan lau lagunentzako bazkaria eta 50 euro eskolan jarraitzeko, Nahia eta Miren ahizpek jaso dute Aita trolleatzen lanagatik. 

Dokumentuaren akzioak