Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hegoaldeko indarrak

Dokumentuaren akzioak

Hegoaldeko indarrak

Miarritzeko XV. maitaldia dantza jaialdiak bereziki Europa hegoaldeko konpainiak ditu gomitatu irailaren 9tik 18ra, ahantzi gabe Japoniatik joan-jin bat egitea

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2005/09/01

ATERBALLETTO: Hitzordu nagusien artean, dudarik gabe Claverieren ustez, jaialdiaren abiatzeko gomitatu duten Aterballetto izanen da. Irailaren 9 eta 10ean ariko dira, 21:00etan Gare du Midi aretoan. Bi gaualdi horietan Cantata emanen dute. Napoliko Assurd emazte kantari taldeak zuzenean emanen dituzten kantu tradizionalak izanen ditu oinarri Mauro Bigonzetti koreografoak zuzendu dituen 17 dantzariak. Horren osagai, lehen gauean Igor Stravinskiren Ezteiak dantzatuko dituzte eta bigarrenean Mozarten omenez Wam izeneko sorkuntza berria aurkeztuko dute.



ASAMI MAKI BALLET TOKYO: Berez, aurtengo gaiarekin ez du gauza handirik ikusteko Tokioko balet honek. Baina konpainia etortzeko aukera paregabea zutela, ezin zela huts egin deritzo Claveriek. Irailaren 12an ariko dira beraz, betiere Gare du Midin. Japoniako konpainia pribatuen artean handiena da hau. Roland Petit koreografo frantses famatua du zuzendari. Gainera, ekarriko duten Pink Floyd izenburuko ikusgarri honetan, Great gig the sky musikak lagundu koreografiak «miresgarriak dira», Claverieren iritziz.



TERESA NIETO EN COMPANIA: Dantzari kopuru handiko emanaldien ondoan, ikusgarri barnekoiagoak ere programatu dituzte. Hauetarik bat da Espainiako Kultur Ministerioaren Dantzaren Sari nagusia irabazi berri duen Nieto koreografoaren azken lan hau. «Izugarri sentsuala» da Claverien iritziz. 12an ikusten ahalko da.



compania nacional de DANZA II: Nacho Duatok zuzentzen duen konpainia honek profesional bilakatu nahi duten dantzariak formatzea du helburu. 14ean ariko dira, Gare du Midin. Hauen etorrera begi keinu bat dela zehazten du Claveriek. Alabaina, Biarritz Baletak Donostian sortu duen gazte konpainia astelehen honetan hastekoa da ofizialki lanean.



BESTE HITZORDUAK: aitzineko urteetan bezala, beti bezain eklektiko izaten segitu nahi du jaialdiak. Hip-hop estiloak adibidez, aurten ere izanen du bere lekua ¹Ramid Rocheforteko konpainiarekin. Honek israeldar eta palestinarren arteko gatazka gogora ekarriko du 13an Herriko Kasinoan. Beste estilo batean, Patxi Perezek egunero munduko dantzak erakutsiko ditu 16:30etan Herriko Kasinoko plazan. Dantza esperimentalaren ordezkari New Yorketik Joshua Bisset koreografo gaztea etorriko da. Irailaren 18an, azken egunean 20:00etan Les Decouvertes salan. Azken egunean justuki, jaialdia behar bezala bururatzeko, Thierry Malandain Biarritz Baletako zuzendariak Les Creatures obra dohainik oparitzea erabaki du, Miarritzeko portu zaharreko hondartzan 22:00etan.

Dokumentuaren akzioak