Dokumentuaren akzioak
Hegoaldeko dantza talde batek lehen aldiz Maskarada plazaratuko du Zuberoan
1994an Gaztedi Dantzari Taldeak Zuberoako Maskarada antzezteari ekin zion bere osotasunean, goizeko barrikadak eta arratsaldeko ofizio guztiak barne. Dantzari.com webgunean azaldu dutenez, antzezpen hark ez zuen pareko aurrekaririk izan Hegoaldean, eta ordutik aurten arte ere ez da errepikapenik egin.
Euskal Herritik antzezpen ugari egin zituzten 1994an, bai Hegoaldean baita esaterako Baionan ere. Dantza taldearen esanetan, aitorpen ugari jaso zituzten jatorrizko antzezpenaren fideltasunagatik, parte-hartzaileen mailagatik eta hegoaldekoentzat Maskaradaren funtsa ulergarri egin asmoz, batura eta bizkaierara egindako moldaketagatik.
“Ohore eta erantzukizun ikaragarria”
Urte haren 20. urteurrena ospatzeko aurtengo otsailaren 22an Gaztedik Maskarada plazaratu zuen Bilboko Santuxu auzoan. Iruri eta Zalgizeko dantzariak, aurtengo Zuberoako Maskaradaren antzezleak, bertara agertu eta aste betera, parte hartu zuten 48 dantzari, antzezle eta musikariei antzezlana Zuberoan egiteko gonbitea luzatu zieten.
Dantza taldekoek Zuberoan Maskarada osoa plazaratu ahal izatea “ohore eta erantzukizun ikaragarria” dela adierazi dute. “Anai-arreba” zuberotarrengandik ikasitakoa beraien aurrean egitea oparia eta lanean jarraitzeko bultzada dela esan dute.
Dokumentuaren akzioak