Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hegoaldearekin lotura azkartuz

Dokumentuaren akzioak

Hegoaldearekin lotura azkartuz

Maitaldia Miarritzeko dantza jaialdiak Rotterdameko baletarekin abiatuko du etzi 16. edizioa

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2006/09/06

Bide berri horren keinu bereziena Senegaldik etorriko den 5eme Dimension konpainia izan daiteke; irailaren 16an Bujuman aurkeztuko du. Hegoaldetik hantzen ari den hats berriaren adierazgarri dela deritzote antolatzaileek: «Hegoaldeko dantza franko aldatu da azken aldian. Anitz sortzaile Europan formatu eta etxera itzulita, hemen eta han ikasiaren artean nahasketa bat egin dute. Dantza tradizionala eta garaikidearen arteko loturez gogoeta biziki interesgarri baten eskaintzen ari dira», Claverieren hitzen arabera. Eta Miarritze mestizaje horren erakusleiho bilakatzea egokia iduritzen zaiola Claverieri, horrekin nehoiz baino gehiago jostatzea erabaki du.

Eta zer-nolako mestizajea. Afrikatik itzuli bat egitea proposatzeaz gain, flamenkoaren munduko azken berrikuntzak ezagutzera emanen dute, batetik, Antonio Gadesen konpainiak Garcia Lorcaren Bodas de Sangre-rekin igande gauean eta bestetik, Israel Galvanekin, flamenkoaren garaikidetasuna xurgatzen ibiltzen den konpainiaren bidez. Hori, astelehenean.

Eta Eslovenia, hegoaldean ote? nondik begiratzen den... Ba, hasteko, hango antzoki nazionaleko Maribor Ballet konpainiak bisita bat egitekoa du Lapurditik anitzek pentsatzen duten jaialdiko gaualdi berezietako bat eskaintzeko. Alabaina, Radiohead taldearen musika oinarriturik Romeo eta Julieta obra berriz biziaraziko du Edward Clug koreografoak. 12an arituko dira hauek Kasinoan. Beste haize bat aipatzekotan Latinoamerikatik ekarriko dutena aipa daiteke. Izan ere, Brasildik Sociedad Masculina 10ean arituko da. Sao Pauloko gizonezko dantzariek osatzen dute, denak karrikan formatuak. Bigarren hatsa, Kolonbiatik etorriko den L'Explose konpainiak ekarriko du. Hango bizi gordin eta bortitzetik atera duten indarrez beteko La Mirada del Avestruz sorkuntza emanen dute: «Dena urratzen duen oihu bat da», antolatzaileak dioenez. Nabarmendu beharrak diren beste konpainietan Portugalgo konpainia nazionala dago. 16rako Bach konpositorearen musika erreferentziatzat ukanen duen gaualdia prestatua du.

Herbehereetatik Scapino Balleten ikusgarria egitarauko garrantzitsuenetako bat izanen dela deritzo Claveriek, nahiz ez den hegoaldekoa. Jaialdia honekin zabaltzen ahal zutela ikusirik, ezetz erratea ezinezkoa omen zitzaien. Ed Wubbe koreografoari esker, ballet klasikoaren estetika erabat hautsi eta, gaur egun nazioarte mailan eragin gehien duten konpainietako bat bilakatua da taldea.

EUSKAL HERRIKO SORTZAILEEI TARTE A. Lehen aldia da euskal dantzari profesionalei aurten bezain bat leku ematen duela jaialdiak: «Dantza garaikidearen inguruan zinezko mugimendua ari da marrazten eta horren lekuko nahi izan dugu guk ere», justifikatzen du Claveriek. Eusko Jaurlaritzarekin izenpetu hitzarmenaren ondorioa den nahikeria bat da. Dantza plataformaren irabazleen hedapena laguntzeko gisan, Maitaldia haien itzuliaren data bat izanen dela dio, besteak beste, hitzarmenak. Lehen urtea bada ere, horretatik segitzeko xedearekin daude. Horiek horrela, Idoia Zabaleta eta Filipa Franciscoren Dueto eta Asier Zabaletara Look ikusten ahalko dira. Biak Dantza plataformaren irabazleak dira, hain justu. Horrez gain, Kukai Ttanttakaren Otehitzari biraka-k ere bere lekua izanen du, jaialdiaren azken egunean, baita Garaziko Garaztarrak dantza taldeak ere. Dantza emanaldiez gain, beste hitzordu anitz pentsatuak ditu Biarritz Culture jaialdiaren antolatzaileak.

Informazio gehiago: www.biarritzculture.com

Euskal koreografo profesionalei leku berezi bat eskainiko die lehen aldiz jaialdiak

Zenbait emanaldi

Irailaren 8a. Scapino Ballet (Rotterdam) Gare du Midin 21:00etan. Herbehereetako konpainia esanguratsuetako bat.

Irailaren 9a. Aracaladanzak (Galizia) 'Nada Nada' haurrentzako ikusgarria, 11:00etan eta 18:00etan, Koliseo gelan.

lrailaren 10a. Beau Geste konpainiak hondeamakina batekin dantzatuko du Bellevue plazan 13:00 eta 20:00etan. Ondotik, 19:00etan, Sociedade Masculina (Brasil) Herriko Kasinoan. 21:00etan Gare du Midin Antonio Gadesen flamenkoa.

Irailaren 11a. Israel Galvanen flamenkoa, 21:00etan Herriko Kasinoan.

Irailaren 12a. Esloveniako Antzoki Nagusiko konpainiak Radioheaden musikak lagundurik, 'Radio & Juliet' emanen du, 21:00etan Herriko Kasinoan.

Irailaren 13a. Blanca Arrietaren dantzak 19:00etan Kasinoan. Dantza plataformako irabazlea da Arrieta. 21:00etan betiere Kasinoan Hip Hop dantza Accrorapekin (Aljeria-Frantzia)

Irailaren 14a. Portugal eta Euskal Herria lotzen duten Filipa Francisco eta Idoia Zabaletaren Dueto (2006). Ondotik, Gare du Midin Prejlocaj baletak Vivaldiren lau sasoietan oinarritu lan bat emanen du.

Irailaren 15a. Asier Zabaleta euskal koregrafo gazteak gorputza galdezkatuko du 'Look' sorkuntzan (2006). 21:00etan, berriz, Kolonbiatik etorri L'Explosek hango egoeraren gordinkeria irudikatuko du Gare du Midin 'La Mirada del Avestruz'-ekin.

Irailaren 16a. Portugalgo Konpainia Nazionala, Gare du midin 20:00etan. 22:00etan Kasinoan 5eme dimensionek (Senegal) 'Bujuman' aurkeztuko du.

Irailaren 17a. Garaztarrak dantza taldea 18:00etan Kasinoko plazan. 21:00etan Kasinoan Kukai Tanttakaren 'Otehitzari biraka'.

Dokumentuaren akzioak