Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hausnarketa “delikatu eta lasai bat”

Dokumentuaren akzioak

Hausnarketa “delikatu eta lasai bat”

Donostiako Kresala dantza taldeak ‘Hitaz orhoit’ ikuskizuna estreinatuko du otsailaren 9an, ostegunean, 19:30ean, Hernaniko Biteri kultur etxean. Emakumeak ardatz hartuta, 1920-1930eko hamarkadetako "gatazka zibilen inguruko hausnarketa bat" proposatuko du ikuskizun berriak.
Egilea
Unai Zubeldia
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/02/03
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Hausnarketa “delikatu eta lasai bat”

Basakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinak lehen lerrora ekartzeko saiakera bat da Hitaz orhoit, “memoriaren inguruko hausnarketa bat”. Hala azaldu du Claudia Erentxun Donostiako Kresala dantza taldeko dantzariak (Donostia, 2000). “1920-1930eko hamarkadan kokatuta dago ikuskizuna, bai musikari eta bai gertaerei dagokienez”. Azken hilabeteotako lanketaren ondoren, hurrengo ostegunean, otsailaren 9an, estreinatuko dute emanaldi berria, Hernaniko Biteri kultur etxean, 19:30ean.

“Oso barrura irits daiteke obra abstraktu hau”, abisu eman du Josu Sagardia Kresala dantza taldeko dantzariak (Donostia, 1999). “Hainbat piezaz osatuta dago ikuskizuna, gorabeheratsua da lan berria, baina zenbait piezatan litekeena da ikusleak hunkitzea, baita musikarekin ere”. Erentxunek zehaztu du Hitaz orhoit-ek ez daukala narratiba zehatz bat. “Ez du kontatzen istorio jakin bat, baina gatazka zibilen inguruko hausnarketa iradokitzen du, bereziki emakumea protagonista gisa hartuta. Oso gai eta kontaketa delikatua da, eta errespetu handiarekin kontatzen saiatu gara. Hausnarketa lasai bat proposatzen du obra berriak”.

JOSU SAGARDIA

Sormen lanak izaten du hausnarketatik ere dezente, eta Erentxunek jakinarazi du Faustino Aranzabalek, Kresala dantza taldeko zuzendari eta koreografoak, entsegu batean ariketa moduan jarri ziela hurrengo asterako etxean 1920-1930eko hamarkadetako gatazkei buruz hitz egitea. “Aitona-amonen historiaren eta memoriaren inguruan hitz egin genezan nahi zuen, eta hala egin genuen”. Sagardiak zehaztu du “norbanakotik” egin zutela ariketa hura. “Sentsibilizazio lan bat bezala. Poema batzuk ere irakurri genituen. Pentsarazi egin nahi zigun zuzendariak. Intimitate ariketa bat izan zen; bakoitzak bere esperientziak eta bizipenak berritzea nahi zuen”.

KRESALA DANTZA TALDEA

Biek onartu dute obra estreinatu aurreko lanketa horrek lagundu egiten diela ondoren oholtzan kontatzen den istorioaren parte izaten. “Dantzariak paper edo antzezpen horretan murgil gaitezen nahi izaten du zuzendariak, eta, bizipen horiei esker, handiagoa izaten da dantzarien parte hartzea”. Erentxunek gaineratu du musikarekin ere antzeko ariketa bat egin zutela hasieran. “Entsegu batean lurrean etzanda jarri, musika entzunez begiak itxi, eta geure hausnarketa egin genuen bakoitzak. Azken finean, garrantzitsua da dantzariak egiten ari den horretan sinistea. Ikuskizunaren oso parte gara dantzari guztiak”.

Musika “enlatatua”

Oholtzan ez da izango musikaririk. “Musika enlatatua erabiltzen dugu normalean, oso konplexuak direlako pieza asko”, zehaztu du Erentxunek. Kideak osatu du “iturri askotako musika” hartzen dutela emanaldietan. “Ikuskizuna oso konplexua da musikari dagokionez ere, eta ez dago musika enlatatua erabili beste aukerarik”.

Sagardiaren esanetan, keinu txikiz beteta dago Hitaz orhoit. “Tartean, Benito Lertxundi ere aipatzen dugu eskerretan. Inplizituki ez dugu hitz egin horretaz zuzendariarekin, dantzariak besterik ez baikara gu, baina obra berriak zerikusia dauka Benito Lertxundiren Hitaz oroit diskoarekin”. Orioko abeslariak 1996an publikatu zuen disko hori, eta, besteren artean, orduan egin ziren ezagun Baldorba eta Udazken koloretan abestiak.

Kresala dantza taldeak “dantza tradizionalak” dauzka oinarrian. “Baina unean-unean eraldatu egiten da dena, eta dantza garaikiderantz ere ematen ditugu pausoak tarteka”, esan du Sagardiak. Haren dantza kideak uste du garaiak aldatzen diren neurrian, dantzarako tradizio horiek ere “garatu, eraldatu” egiten direla beti.

Ikuskizuneko jantziei dagokienez ere 1920-1930 ingurura bidaia egin dutela azaldu du Erentxunek. Idoia Ibarzabal da arduraduna, eta Erentxun bera ere aritu da lanketa horretan. “Tradizioari begiratu diogu jantzien kasuan ere: mutilen galtzak, alkandora, gerrikoa… Nesken gona, goikaldea… Tradiziotik hartu ditugu, baina kolore suabeagoak, sotilagoak aukeratu ditugu. Begirada delikatuago bat izan dugu”.

CLAUDIA ERENTXUN

Gaur egun, 30 dantzarik osatzen dute Kresala dantza taldea. “Eta oso ondo funtzionatzen ari da taldea”, adierazi du Erentxunek. Horren erakusgarri, Sagardiak gogoratu du “izugarrizko proiekzioa” izan duela orain arte estreinatu duten azken ikuskizunak: Amoria&Dolore, Elkano, lehen mundubira obrak —2020ko uztailean estreinatu zuten—. “Utah-ra [AEB] joateko aukera izan dugu, Miarritzen [Lapurdi] dantzatu dugu, Bilboko Euskalduna jauregian, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Euskal Herriko beste hainbat antzokitan, Sevillan [Espainia]…”. Horrez gain, besteak beste Sardinian eta Ekuadorren ere izan dira azken urteotan. Biek onartu dute beti ez dela erraza izaten astean hiru entsegu egitea, erritmo horri eustea. “Baina ederra da hainbeste urteren ondoren jendea entseguetara zer-nolako jarrerarekin etortzen den ikustea”, txalotu du Sagardiak.

Pandemia garaia, zaila

Zaila, bereziki, pandemia garaia izan zela gogoratu dute biek. “Justu orduantxe ginen estreinatzekoak Amoria&Dolore“, gogoratu du Erentxunek. “Behar baino beranduago, baina estreinatu ahal izan genuen, Euskaldunan”. Sagardiak gogoratu du, ordea, oso gorabeheratsuak izan zirela estreinatu aurreko aste eta hilabeteak. “Ezjakintasun handia zegoen COVID-19aren inguruan, eta ez zen erraza izan egoera batetik besterako trantsizioa egitea”.

Tarte horretan, beste bi kiderekin batera, Sagardia bera aritu zen irakasle lanetan, zoom bidez. “Dantza pausoen eta ariketa fisikoaren arteko uztarketa lan bat egin genuen hasieran, denok etxean geundenean; hiru taldetan hasi ginen gero lokalean bertan astean behin entseatzen; musukoarekin ere aritu ginen tarte batean; emanaldietan ezusteko batzuk ere izan genuen COVID positiboekin…”.

Pandemia kontuak “ia erabat ahaztuta” dauzkate, ordea, eta “gogotsu” daude hilabete zail horietan lantzen hasitakoa taularatzeko. “Erabat Hitaz orhoit obrarekin hasiko gara orain, eta ea aurreko ikuskizunak adinako ibilbidea egiten duen”, egin du hausnarketa Sagardiak. “Hori bai, tartean izango ditugu gure ohiko emanaldi batzuk”. Bihar iluntzean bertan, esaterako, Donostiako kaldereroetan, 22:15ean, Plaza Berrian.

Dokumentuaren akzioak