Dokumentuaren akzioak
Haurtzaro Dantza taldeko 25 dantzari Ezpeletako Gauargi jaialdian
Hamazazpigarren edizioan ariko dira Euskal Herriko, Europako eta Afrikako hainbat dantza talde bertan
Euskal Herriko hainbat gaztetxoren dantza talde ariko dira taula gainean: Zarena Zarelako dantza konpainia (Lapurdi), Larraineko Erregetxopitak (Zuberoa) eta Ezpeletako Ezpela. Talde horiez gain, besteak beste Bosnia eta Herzegovinako, Esloveniako, Hego Afrikako eta Tatarstango taldeek (Errusia) ere beraien dantza tradizionalak aurkeztuko dituzte.
Ez da lehenengo aldia Haurtzaro dantza taldea herritik ateratzen dela. Izan ere, 2010ean Cantonigoreseko (Bartzelona) Nazioarteko Musika jaialdian parte hartu zuen. Gainera bigarren sariarekin etorri zen etxera. Iaz, berriz, Mazedoniako 'Ohrid Wave' izeneko V. Nazioarteko Dantza Jaialdian parte hartu zuen. Aurten Ezpeletako Jaialdian ibiliko dira, urtean zehar ikasitakoa erakusten.
Ikastolaren Eguna
Bestalde, ekainaren 8an Haurtzaro Dantza taldeak ikuskizun aparta eskaini zuen Elorsoron, Ikastolaren Egunaren harira. Hala, 120 dantzari gogotsu aritu ziren, ikasturtean zehar ikasitakoa erakusten. Euskal Herriko txoko desberdinetako dantzak jorratu zituzten, eta kiroldegian bildutako ikusleek txalo zarta handiekin eskertu zuten gaztetxoen saioa. Azpimarratzekoa dantzari handienek eskaini zuten Larrain dantza paregabea.
Bi urtez behin Haurtzaro Dantza Taldeak antolatzen duen emanaldia kategori handikoa izan zela ezin da uka, talde guztiek maila handia erakutsi baitzuten, ezbairik gabe.
Dokumentuaren akzioak