Dokumentuaren akzioak
Haurtzaro Dantza Taldea, bigarren saria Nazioarteko Musika Jaialdian
Haurtzaro Dantza Taldeko hogeita sei dantzari, txistulariekin batera, uztailaren 15ean abiatu ziren Kataluniako Cantonigros herrira. Bertan, XXVIII. Nazioarteko Musika Jaialdian parte hartu zuten. Ostegunean hasi zen jaialdia eta igandean, hilaren 18an bukatu zen. Bigarren saria lortu du Haurtzaro Dantza Taldeak dantza lehiaketan, eta oso-oso pozik daude taldeko kideak.
Dantza eta kantu jaialdi eta
lehiaketa honetan bi kategoria edo maila zeuden: Helduen Maila eta
Gazte Maila. Azken horretan parte hartu du Haurtzaro Ikastolako Dantza
Taldeak. Helburua parte hartzea zuten, baina, azkenean saria ere lortu
dute.
Bi emanaldi eskaini behar zituzten, Haurtzaro Dantza Taldeko kideek.
Lehena uztailaren 15ean egin zuten 19.30ean, eta bigarrena larunbatean
izan zen, 15:00etan (hamar minutu saioa, jaialdia hasteko).
Larunbatean, beste emanaldi bat ere eskaini zuten jaialditik kanpo,
20:30ean, Vic-en dagoen Convento del Remey-n.
Jaialdian lehiaketa ere bazegoen, baina hasieran, sailagatik eta
adinagatik, Haurtzaroko Dantza Taldeak ez zuen asmorik sailkapenean eta
puntuazioetan sartzeko. Han zeudela, ordea, parte hartzeko aukerak
ikusi zituzten, dantzariek erakutsi zuten mailagatik. Bigarren saria
lortu dute dantza sailean. Gruppo Folk Citta di Canicatti Terra Del
sole (Canicatti, Italia) taldearen atzetik. Hirugarren saria Punimelis
(Panevezys, Lituania) taldeak lortu zuen. Haurtzaro izan zen Euskal
Herriko ordezkari bakarra jaialdian.
Sona duen lehiaketa
Nazioarteko lehiaketa hau urtero ospatzen da Cantonigrosen, 1983tik
gaur arte, eta beti uda sasoi inguruan izaten da, uztailaren
erdialdean. Bere helburua munduko hainbat talde biltzea da, estilo,
interpretazio, abesbatza literatura, ahots heziketa, dantza tradizional
eta herrialdeen arteko trukea ahalbidetzeko.
Besteak beste, honako herrialdeko artistak bildu dira aurten
Cantonigrosen: Bulgaria, Txina, Kolonbia, Korea, Eslovenia, Filipinak,
Georgia, Grezia, Herbehereak, Indonesia, Ingalaterra, Italia, Lituania,
Mexiko, Polonia, Txekiar Errepublika, Errusia, Suitza, Taiwan, Ukraina,
Venezuela eta Katalunia.
Dokumentuaren akzioak