Dokumentuaren akzioak
Haurrentzako dantza saioak
Gorputzaren lengoaia da haurrek ezagutzen eta erabiltzen duten lehena,
eta, halere, oso dantzari gutxik erabiltzen dute, umeentzako ikuskizunak
egiteko. Adibide urri horietako bi ikusi ahalko ditugu aste honetan,
Donostian, Leioan eta Elorrion (Bizkaia), DA.TE dantza konpainiaren eta
Roberto G. Alonsoren eskutik, Dantza Agertokira ikuskizunean.
Haurren eta amen artean lehen urteetan sortzen diren harremanak lantzen ditu DA.TE konpainiaren Río de luna
ikuskizunak. Teknologia berriak, argiak eta koloreak erabiltzen dituzte
haur txikien arreta eurenganatzeko. Bi dantzariek mugimendu samurrak
egiten dituzte, eta haurrentzako deigarriak diren objektuak erabiltzen
dituzte. Granadakoa (Espainia) da konpainia, eta haur txikientzako
dantza ikuskizunak lantzen ditu. Horretarako, ikerketa lana egiten du,
piezen bidez balio pedagogikoak helarazteko. Gaur ikusi ahalko da lan
hori Elorrion, eta bihar Donostian.
Bigarren ikuskizunak Zing-Zing
du izenburu. Haurren psikologian sakontzen du, umeei berriz irakasteko
haiek dagoeneko badakitena: eguneroko edozein objektu jostailu bihur
daitekeela. Roberto G. Alonsorena da koreografia, eta berak zuzendu du
lana.
UMEENTZAKO DANTZA
Noiz. Río de luna: Gaur, 17:00etan, Arriola antzokian, Elorrion (Bizkaia). Bihar, 12:00etan, Viktoria Eugenian, Donostian. Zing-Zing: ostiralean, 18:00etan Kultur Leioan, Leioan(Bizkaia)
DA.TE dantza konpainiaren Río de luna ikuskizuna. / BERRIA
Dokumentuaren akzioak