Dokumentuaren akzioak
Haurrentzako dantza jaialdia estreinatuko dute bihar Miarritzen
Maitaldiaren haritik antolatu dute; sorkuntza batekin hasiko da, eta Thierry Malandainek zuzenduko du
Lau urte baino gehiago dituzten haurrentzat pentsatua da, hain zuzen,
Traversee konpainiaren lan berria. Johanna Etxeberrik eta Raul Garcia
Etxeberriak elkarrekin asmatua dute. Lehena dantzaria da, eta bigarrena,
antzerkilari eta musikaria. Claude Boujonen La brouille liburutik hartu dute ideia libreki Les voisins, Battit et Luzia, Auzokoak lanerako.
Battit eta Luzia bi auzo dira. Eguneroko plazera elkar kitzikatzea
dute. Haserreak laguntasuna arriskuan jartzeraino. Umorearekin landu
duten istorioa da, elkarren ondoan bizitzeak zer esan nahi duen
jorratzeko erabili dute. Bihar 16:00etan diote lehen aldiz aurkeztuko
publikoari. Biharamunean, berriz, ikasleentzako emanaldi bereziak
eskainiko dituzte.
Ikusgarriez gain, tailer bereziak proposatzen
ditu jaialdiak. Guztiei irekien artean, 3 eta 5 urte arteko haurrentzat
eta haien gurasoentzat asmatua da larunbatean, 10:00etan, Midi
geltokiko estudio handian izango den tailerra. Guztiak dantzan aritzeko
tailerra izanen da. Eta, 15:00etan, Rincon Habanero jatetxe ostatuan Boum izenburuko tailerra proposatuko du Pernette konpainiak. Koreografiak asmatzeko aitzakia izanen da elkarretaratzea.
Gainerateko ikusgarrien artean, ostiralean, 20:30ean, Peter Panek inspiratu Et droit devant jusqu'au matin? taularatuko
du NGC 25 konpainiak, Midi geltokian —8 urtetik haste—, eta
larunbatean, 11:00etan, Chimeres taldearen Decouvertes gunean, Pernette
konpainiak Animale eskainiko du, 5 urtekoentzat.
Thierry Malandain. / IMANOL OTEGI / ARP
Dokumentuaren akzioak