Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hator Hona-ren balantzea eta euskal etxeak antolatutako azken ekintzen berri Necocheako Euzko Etxea-tik

Dokumentuaren akzioak

Hator Hona-ren balantzea eta euskal etxeak antolatutako azken ekintzen berri Necocheako Euzko Etxea-tik

Komunikabidea
Euskalkultura.com
Tokia
Argentina
Mota
Albistea
Data
2011/09/16
Lotura
Euskalkultura.com

Euskal Herriko lau gazte aritu dira partaide Hator Hona programaren 8. edizio honetan: Lasarteko Urtzi Agirretxe, Andoaingo Jon Iraola Treku, Hernaniko Ixiar Jauregi Loyarte eta Alesbes-Villafrancako Ainara Saez Baztan. Uztailaren 15ean hasita eta hiru astetan zehar Pirinioetako herriaren ikur adierazgarrienak konpartitu zituzten bisitariek Necocheako komunitatearekin. Ainara Saez Baztan euskara ikastaroez arduratu zen; Ixiar Jauregi Loiartek txalaparta eta panderoari buruzko klaseak eman zituen; Urtzi Agirretxek trikitia tailerra eskaini zuen eta Jon Iraola Trekuk buru belarri lan egin zuen Gazte Alai taldeko dantzariekin.

Necocheako Hator Hona eta azken ekintzak 2011 01

[Ixiar Jauregi Loiarte, Jon Iraola Treku, Ainara Saez Baztan eta Urtzi Agirretxe (argazkia EE)]

San Inazio jaia

Urteko egitarauari jarraituz, San Inazio eguna ospatu zen Necocheako Euzko Etxea-n uztailaren 30ean (ohi bezala, larunbatera pasatu baitzen ospakizuna). Hator Hona-ko neska-mutilek kolore berezia jarri zioten afariari. Tailerretako ikasleek irakasle euskaldunekin ikasitakoa erakusteko aukera izan zuten berrehun bat lagun bildu zituen afarian. Ixiar-ek eta Ainhoa Agostini Zubillagak txalaparta jo zuten, Ainarak eta bere ikasleek Euskal Herriko kantutegiko abestiak kantatu zituzten eta Urtzik eta Jonek trikitia eta alboka jo zuten.

Afariaren baitan, omenaldi hunkigarria egin zitzaien euskal etxeko lehenengo dantza taldeko kideei, hau da,  1941ko uztailaren 30ean Necocheako “Paris” antzokian eta San Inazio festa bera ospatzeko lehenengoz aurkeztu zen taldeari eta bere partaideei. Hauek ziren orduan dantzari gazte zirenak: Carmen Alza, Carmen Goñi, Martita Larraza, Loretxu eta Nekane Markiegi, Chelita Peña, Nilda Rizzo Echemendi, Fanny eta Mercedes Telleria, Nelly eta Neri Urriza, Sarita Zubillaga, Victor Fernandez Iriarte, Pololo eta Petete Irungaray, Alberto Irigoyen, Federico G. eta Alberto C. Landaburu, Enrique E. Oyhamburu, Luis Razquin, Cesar O. Rizzo Echemendi, Raul Solchaga, eta Hugo eta Ruben Zubillaga.

Necocheako Hator Hona eta azken ekintzak 2011 02

[San Inazio afarian omenaldi berezia egin zitzaien euskal etxeko lehenengo dantza taldeko kideei (argazkia EE)]

Biharamunean, San Inazio egunean, Euzko Etxea-ko kideek hemen “alegre despertar” deitu agurra eskaini zieten erakundeko zenbait kideri. Ondoren, meza egin zen Santa Maria del Carmen Parrokian eta zeremonia berezi bat Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan.

Aiton-amonen omenezko jaia

Necocheako euskal etxeak garai honetan urtero antolatzen dituen ekintzen artean “Aiton-amonen Jaia” aipa daiteke. Aurten abuztuaren 5ean egin zen eta, beti bezala, Gazte Alai taldeko dantzariek euren koreografia onenak oparitu zizkieten erakundeko nagusiei. Pastelak eta txokolate beroa ere ez zen faltatu gonbidatuentzat. Egun berean eta Ama Birjin Zuriaren omenean, baratxuri-zopa eskaini zitzaien euskal etxera hurbildu ziren lagun guztiei.

Necochea-ko Hator Hona eta azken ekintzak 2011 03

[“Alegre despertar” izeneko dianan albokaren soinua entzun zen Necocheako kaleetan (argazkia EE)]

Gogora dezagun Necochea hiria izango dela 2011eko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren egoitza, eta Euzko Etxea euskal etxea euskal argentinarren jai handienaren antolatzaile. Hori dela eta Necochean elkartu ziren dantza taldeko zuzendariak Euskal Asteko larunbateko dantzaldia antolatzeko. Bileran Jon Iraolak Inauterietako dantzei buruzko hitzaldi bat eman zuen.

Azken agurra Hator Hona-ko partaideei

Egun biziak igaro zituzten Hator Hona programako protagonistek Necochea hirian baina agur esateko momentua ere heldu zen. FEVAko ordezkariak, eta Euzko Etxea eta Tres Arroyoseko Hiru Erreka euskal etxeetako kideak bertan zeudela egin zitzaien despedida bazkaria Urtzi, Jon, Ixiar eta Ainara-ri. Programatik kanpo eta herrialde australeko leku turistiko batzuk ezagutu ondoren, “Buenos Aires celebra” erakustaldiko standak bisitatu zituzten gazte euskaldunek atzera Europara abiatu aurretik.

Dokumentuaren akzioak