Dokumentuaren akzioak
Unescoren kultur ondare bihurtzeko bidea abiatu dute Lapurdiko inauteriek
Kaskarotek, zirtzilek, zanpantzarrek edo Kotilun Gorria bezalako
pertsonaiek egiten dute berezi, besteak beste, Lapurdiko inauteria.
Mendez mende, Lapurdiko herri gehienetan bizirik zegoen ohitura zahar
baten osagaiak izan dira pertsonaia horiek. Denboraren poderioz,
maskaradekin eta kabalkadekin berdintasun asko dituen tradizio hori
galduz joan da herri gehienetan, Uztaritzen ez ezik.
Tokiko gizartearen ispilu diren ohitura horiek gazteei gizarte arauak
ezagutarazteko bidea izan dira betidanik. Izan ere, komunitatearen
legeak errespetatzen ez zituztenak zigortzeko sortutako erritoak dira.
Uztaritzen, inauterien garaian antolatzen duten Hartzaro jaialdiari
esker bizirik mantendu eta aberastu dute ohitura zahar hori.
Larunbatean, Lapurdiko herri horretan, kaskarotak eta orokorkiago
Lapurdiko inauteriak, Unescoren ondare kultural inmaterial bezala
sailkatzeko beharrezko prozedura abiatu zuten; ekitaldian, hainbat
adituk hartu zuten parte.
Pierre-Olivier Laulanne Frantziako Musika eta Dantza Tradizionalen
Elkarteen Federakuntzako zuzendaria izan zen Uztaritzen izan zen
adituetako bat. Lehenik eta behin, argi utzi zuen tradizioei zuzendutako
Unescoren zerrendak ez duela inolako zerikusirik eraikinak babesteko
erakunde berak duen egitasmoarekin. "Unescok bereziak diren ekimenak
sailkatzen ditu, eta oraindik ere bizirik diren tradizioak onartzen
ditu. Ez da Unescora joan behar dagoeneko hilik dagoen ohitura bat
berpizteko", nabarmendu zuen.
Xabier Itzaina ikerlariak, bere aldetik, zera berretsi zuen: "Gaur egun
inauterien tradizioak gizartearen ispilu dira. Gauzek iraunen dute
gizartean zentzua badute". Nabarmendu zuenez, hala ere, Unescok
inauterietako ohiturak biziaraztea ahalbidetuko lukeen kontzientzia
hartze bat eragin dezake, betiere argi utziz etorkizuna �herritarren
esku� dagoela. Lapurdiko inauterien kasuan, garai batean desagertzear
izan baziren ere, gaur egun hainbat herritan berpizten ari direla
goraipatu nahi izan zuen Itzainak.
Larunbatean eman zioten, beraz, Unescoren onarpena lortzeko prozedurari
hasiera. Eta, Lapurdiko inauteriekin batera, Nafarroa Beherean egiten
diren toberak eta Zuberoako maskaradak ere prozedura horren barnean
sartu nahiko lituzketela nabarmendu zuten ekimena bultzatu duten Euskal
Kultur Erakundeak, Herri Soinu elkarteak, Lapurtarrak elkarteak eta
Euskal Dantzarien Biltzarrak.
Atzokoan, izan ere, Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeetako inauteri
ohituren arteko loturak nabarmendu zituzten ikerlariek. Horregatik,
Unescori eskaera egiteko orduan, "onarpen bateratu bat" emateko premia
aipatu zuten. "Toberen, mustraken, maskaraden eta Lapurdiko inauterien
funtsezko egiturak berdintsuak dira, bai pertsonaien aldetik, bai
jantziei dagokionez, bai dantzen aldetik", nabarmendu zuen Itzainak.
Onarpenerako urratsak
Herri Soinu elkartea da Uztaritzen abiatutako ekimenaren bultzatzaile
nagusia. Urte luzez Hartzaro jaialdiaren bitartez inauteriak bizirik
mantentzea lortu ostean, erronka berri bat du orain aurrez aurre:
Unescoren onarpena baliatuta inauteriak Lapurdi osoan berreskuratzea.
Felipe Lesgourgues Herri Soinu elkarteko arduradunak honakoa nabarmendu
zuen: "Kultur ondare immaterial bezala izendatua izateak asko erraztuko
luke inauteriak babesteko politikak martxan jartzea".
Bi edo hiru urte itxaropen beharko dira oraindik Unescoren erabakia
jakiteko. Dagoeneko, hori bai, Lapurdiko inauteriei buruz Lapurtarrak
elkarteak dituen 3.000 dokumentu inguru aztertzen ari dira. "Bete
beharreko Unescoren txostena eskuratu dugu, eta ikerkuntza zientifikoa
bideratuko duen batzorde bat osatuko da dokumentu horiek guztiak
aztertzeko", esan zuen.
Halere, gaur egun gehienbat Lapurdin zentratua den ekimena Ipar Euskal
Herri guztira hedatu nahi dutela berretsi zuen Lesgourguesek. "Gure
eskaerak koherentzia izatea nahi dugu, beraz, prozedura aurrera joan
ahala, Nafarroa Behere eta Zuberoako jendea ere ekimenean barneratzen
saiatuko gara", bukatu zuen bere azalpena.
Dokumentuaren akzioak