Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hasi dira xanistebanak!

Dokumentuaren akzioak

Hasi dira xanistebanak!

Udalbatzako kideek eta Oiartzunera bizitzera etorritako bizilagunek hartu dute parte soka dantzan. Ondoren, jai batzordeko bi kide arduratu dira herriko jaiei hasiera eman dien txupina botatzeaz.
Egilea
Oier Iriarte Arrondo
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2025/08/02
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Badira egun batzuk jai giroa nabari dela Oiartzunen. Haatik, gaur hasi dira xanistebanak.

Urtero bezala, herriko plazara gerturatu dira Udalbatzako kideak soka dantza dantzatzera. Baina, ez dira bakarrik egon. Izan ere, atzerritik Oiartzunera bizitzera etorri diren bizilagunak izan dira aurtengo soka dantzako omenduak. Ondo nabaritu da azken asteetako entseguetako lana txistularien doinuan launaka jendaurrera atera direnean dantzatzera, herritarrek txalo zaparradarekin harrera egin dieten bitartean.

Soka dantza bukatzerakoan, jendea irrika itxaroten ari zen unea iritsi da. Birgilio Labandibar eta Xabier Izagirre jai batzordeko kideak udaletxeko balkoira gerturatu dira. 40 urtean Oiartzungo jaien alde, herrigintzan, eta auzogintzan egindako lana aitortzeko proposatu ditu aurten jai batzordeak bi ergoiendarren izenak txupina botatzeko.

Eta halaxe izan da, baina, suziria bota aurretik aldarriz betetako mezua irakurri diete oiartzuarrei. Esker hitzak izan dira lehenak, “ohorea” izan baita bientzat txupina botatzeko aukera izatea. Euren ibilbidearen hasieran jarri dute begirada, “oso gaztetan eta egoera oso gogorrean” hasi baitziren herrigintzan; eta, orduko hartatik gaur egunera arte “auzoetako jaietan, herriko festa batzordean, eta herriko hainbat ekintzetan” bidelagun izan dituzten guztiak oroitu dituzte: “Zuei gure omenaldia”. “Herrigintzatik herri giltzara” jauzi egiteko beharra azpimarratu dute, “herri honi erabakitzeko eskubidea zor zaiolako”.

Baina, herriko plaza gainezka eta jai giroan egon arren, “herrian senide eta lagunak” falta direla gogoratu nahi izan dute. Horregatik, “euskal presoak ere lehenbailehen etxean nahi” dituztela aldarrikatu dute. Oiartzunen “errepresaliatuak eta torturatuak” izan diren guztiei ere “omenaldi txiki” bat egin diete.

Begirada Euskal Herriaz harago jarri, eta Palestinarekiko elkartasun mezuak ere izan du txoko bat txupinan: “Israel eta yankiei odolez zikindutako eskuak Palestinatik atera ditzatela eskatzen diegu.”

“Gora Euskal Herria eta Palestina askatuak! Gora Oiartzungo auzoak! Gora gure herriko jaiak! Gora Oiartzun, gogor erantzun!” oihuak bota eta iritsi da unea: suziria balkoira hurbildu, txupinari su eman, eta festak eztanda egin du Oiartzungo plazan. Hurrengo lau egunetan xanistebanak ongi ospatzeko hamaika jarduera izango dituzte oiartzuarrek.

[BIDEOA]

 

Dokumentuaren akzioak