Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hasi dira igandeetako erromeria tradizionalak Zelatunen

Dokumentuaren akzioak

Hasi dira igandeetako erromeria tradizionalak Zelatunen

Aspalditik egiten dira erromeriak Hernioko magalean iraileko igande guztietan. Aurten ere, San Joan txiki egunarekin eman diete hasiera saioei, eta igandero arituko dira panderoa eta trikitia taula gainean.
Egilea
Jone Arruabarrena
Komunikabidea
Berria
Tokia
Zelatun
Mota
Albistea
Data
2024/09/08
Lotura
Berria

(ID_17250204757785) (/EZEZAGUNA)
Zelatungo erromeria, artxiboko irudi batean. BERRIA

Gipuzkoako erromeria tradizionalen artean bada arrakasta berezia duen bat: irailean Zelatunen egiten dena, Hernio mendiaren magalean. San Joan Txiki eguna izaten da abuztuaren 29an —Hernio Eguna deiturikoa—, eta egun guztian erromeria egiten da Antonioren borda parean. Aurten, Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz aritu dira taula gainean. 

Egun horretatik aurrera, iraileko igande guztietan izaten da erromeria Zelatunen. Joan den igandean ospatu zuten lehena, eta jendez bete zen Hernioko magala. Jone Uria eta Julene Otegik girotu zuten erromeria, pandero eta trikitiarekin. Laja eta Lutxurdiok joko dute igandean, eta Ansorregi eta Larrañagak irailaren 15ean. Irailaren 22an, berriz, Ostolaza eta Larrañaga arituko dira, eta hileko azken asteburuan Izer eta Alabierrek amaituko dituzte erromeriak.

Garai batean, bestelako abantailak ere bazituzten era horretako saioek. Elizak debekatu egiten zuen neska eta mutilek helduta dantza egitea, eta mendiko erromeriak izan ohi ziren neska-mutilen bikoteak lotzeko aukera bakarrenetariko bat. Gaur egun, erromeria tradizionalak antolatzeaz gain, saio berritzaileagoak ere izan ohi dira Zelatunen. Aurten ospatu dute, hain zuzen, Errockmeria egitasmoaren hirugarren aldia. Bertan, izenak dioen moduan, erromeria eta rocka nahasten dituzten taldeak aritzen dira, baita kantu berriagoen bertsioak egiten dituztenak ere. Uztailaren 14an bildu zituzten taldeak Zelatunen, eta zelaiak gaztez bete ziren. Ithaka, Etxekalte, Muzak eta Kattalin eta Nenufarrak taldeak aritu ziren.

Dokumentuaren akzioak