Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hartzarekin batera esnatu da Elgetako herria

Dokumentuaren akzioak

Hartzarekin batera esnatu da Elgetako herria

Inauteriak iragartzen dituen aspaldiko usadioa berreskuratu dute Elgetan. Koko-batzearekin, baserrietara eraman dituzte 60 bat herritarrek Aratusteak. Pertsonaien artean, kokoak, dantzariak eta nola ez, neguaren bukaera sinbolizatzen duen hartza, hibernaziotik esnatu berria.
Egilea
Oihana Elortza
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Elgeta
Mota
Albistea
Data
2022/02/19
Lotura
Goiena

Esnatu da hartza eta badatoz Aratusteak Elgetara. Neguko lozorrotik esnatu eta kokoak eta beste hainbat pertsonaiarekin eta dantzariekin batera ibili da hartza baserriz baserri. San Roke kaletik behera, plazara heldu dira denak 18:30ak inguruan, hainbat herritarren gozamenerako, eta kantuan eta dantzan egin dute han ere.

Ardi larruekin, zakuekin, jantzi zuriekin edo etxean topatutako gona eta alkandorak soienean jantzi eta kapelak buruan dituztela herriko hainbat baserrietara joan dira, kalejiran, 60 bat lagun, kuadrillan. Edatekoa eta jatekoa prest dutela hartu dituzte baserritarrek eta kantuan eta dantzan egin dute konpartsakoek euren atari aurrean.

Goibeko euskara elkarteak deituta hasi ziren koko-batzea antolatzen duela hilabete batzuk. Eske-erronda bat da koko-batzea. Erritual bat da non kantua, zarata eta pertsona desitxuratuak diren protagonista. Eibarren 2008an berreskuratu zuten aspaldiko ohitura hau eta Elgetan ere, aurreko belaunaldietako herritarrek utzitako lekukotzek erakusten dute koko janzten zela jendea herrian, eta koko-batzea edo koko-eskea ere egiten zutela baserriz baserri.

Erantzun ona izan du lehen aldi honek eta jarraipena izango du datozen urtetan, itxura guztien arabera.

Dokumentuaren akzioak