Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hartza, tximinoa eta hezitzailea kalez kale ibiliko dira bihar inauteri jaian

Dokumentuaren akzioak

Hartza, tximinoa eta hezitzailea kalez kale ibiliko dira bihar inauteri jaian

Dantza saio nagusia Herriko Plazan hasiko da eguerdiko hamabi eta erdietan

Hartza, tximinoa eta hezitzailea dira Antzuolak inauteri domekan ospatzen duen festako pertsonaia bereizgarriak. Oinarin taldeak sorgin dantzarekin batera berreskuratu zituenetik kalez kale ibiltzen dira egun seinalatu honetan. Bihar dute hitzordua. Hartza eta hezitzailea beste zenbait herritan agertzen badira ere, tximinoa bere-berea du gure herriak. Zenbait iturriren arabera, garai bateko txerrenaren, deabruaren, lekua hartu zuen XX. mende hasieran.
Egilea
Joseba Lezeta
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Antzuola
Mota
Albistea
Data
2017/02/25
Lotura
Diario Vasco

Dantzarien kalejirak emango dio hasiera jaiari bihar goizeko hamarretan. Bi talde irtengo dira. Sorgin dantzako kideek bide bat hartuko dute eta Valcarloskoak egingo dituen taldea beste aldera joango da. Saio nagusiak, berriz, eguerdiko hamabi eta erdietan du ordua. Iaz udaletxean egiten ziharduten obrak direla eta, Zurrategira eroan zuten, baina aurten bere ohiko lekura itzuliko da. Eguraldia lagun bada behintzat. Euria bada, eskolako patioan egingo dute dantza. Oinarineko txikienak lehen aldiz irtengo dira plazara.

Dantza zerrenda hau da: Iturria, Gorulari mistua, Gipuzkoako arku dantza, Valcarlos, Sorgin dantza, Zazpi jauzi eta Saint petit. Azken biak elkarrekin egingo dituzte saioan ariko diren dantzari guztiek.

Bazkaria ere antolatu dute frontoian. Hamaika eta erdietan jarrita zuten hitzordua mahaiak eta eserlekuak montatzeko. Azkenik, izena emandakoek ez dute bertara joan beharrik izango.

Arratsaldeko lau eta erdietan, bazkalostean, mozorro jaia eta txarangaren saioa hasiko dira. Mozorrorik onena daraman taldeari saria emango zaio.

Partida bakarra Eztalan

Antzuola Kirol Elkarteko futbol nagusiak etxetik kanpo bigarren partida ilaran jokatuko du gaur. Beti Ona izango du zain arratsaldeko bost eta erdietan Errenteriako Beraunen. Sei garaipen bata bestearen ondoren daramatza.

Asteburu honetan neurketa bakarra hartuko du Eztalako futbol zelaiak, jubenilen igoera fasekoa. Usurbil dator gaur arratsaldeko lauretan.

Inauteriak direnez, gazteagoek jai dute. Kadeteak hurrengo asteburuan itzuliko dira lehiara. Infantilek, berriz, ez dute partidarik asteburu honetan zein hurrengoan. Martxoaren 11n ala 12an itzuliko dira euren ligara.

Saio nagusia. Hartza sorgin dantzako kideekin batera.

Saio nagusia. Hartza sorgin dantzako kideekin batera. / MIGURA

Dokumentuaren akzioak