Harrobi Dantza Bertikala konpainiak Andoainen eskainiko du naturaren, poesiaren, dantzaren eta bideo mapping-aren arteko elkarrizketa planteatzen duen Geure(R)a pieza. Janire Etxabe zuzendari artistikoaren sorkuntzak Juantxo Zeberioren musika, Toti Martínez de Lezearen bertsoak eta Paco Gramajeren proiekzio animatuak ere biltzen ditu, beti ere, koreografia esekiari bestelako giroa emateko. Bertako dantzariak Sara Mohino, Alejandra Perez eta Janire Etxabe dira, eta Maddi Arana, Francesca Di Nicola, Ivan Carmona, Juantxo Zeberio musikariak
Piezaren deskribapena honako hauxe duzue: “Antzina-antzinatik, emakumeak elkartu egiten ziren, ez bakarrik eguneroko lanak egiteko, baita beren arteko konpainiaz gozatzeko, ondo pasatzeko eta, aldi berean, beren ezagutzak eta esperientziak trukatzeko ere. Errealitate hori baina, ez dute pertsona orok ondo ikusi, askatasun eta ezagutza hori mehatxutzat hartzen baitzuten beren status quorako. Horregatik, XVI. mendean, gure historiako gehiegikeria eta hilketa gordinenetako batzuk gertatu ziren, batez ere emakumeen kontra.
Zalantzarik gabe, gaur egun Europako eta munduko herrialde askotan gertatzen dena pentsamolde horren ondorioa da oraindik. Errespetuarekin, askatasunarekin eta tolerantziarekin talka egiten duen pentsamoldea”.