Dokumentuaren akzioak
Harri eta herri
Igartzako Dantzarien Kofradiak Beasaingo Monumentu Multzoan egingo du igandean aurkezpena, tradizioari bizi berria emanez
Etzi, igandean, aurkeztuko dute herrikideen aurrean kultur ekimen berria: Igartzako Dantzarien Kofradia. Era berean, lehendabizikoz Igartzako Dantzarien Eguna ospatuko dute. Eguerdiko hamabietan Ezpatadantzarien Kofradia Beasaingo udaletxetik Igartzaraino abiatuko da Kale Nagusia eta Nafarroa etorbidea zeharkatuz. Behin Igartza multzora iristen direnean bertan ezpatadantzariak ariko dira monumentu multzoko hainbat tokitan saioak egiten. Ondoren, Dolarea ostatu zaharraren aurrean sagardoa eta urteko odolki berrien dastaketa izango da, 13:30etik aurrera. Goizari bukaera emateko eguerdian herri bazkaria egingo dute Igartza jauregiko patioan.
Ezpata-dantzaz lotuta
Aurkezpenean kofradia osatzeko arrazoiak emango dizkiete beasaindarrei eta inguratzen diren guztiei. Igartzan ezpata-dantzen sokarekin zubia, jauregia, errota, burdina, ermita eta dolarea lotuko dituzte, txistuz, danborrez eta musikaz lagunduta. Arropa berriak ere luzituko dituzte dantzariek. Kofradiako kideek udaletxeko aktetan arakatu dute, eta bertan aurkitu dute idatzita garai bateko dantzarien janzkera. Horiek erreproduzitu dituzte okasiorako. Hala ere, denboraz justu samar ibili direnez denak ez dira jantzi horiekin aterako, eta beste talde batek utzitako arropekin aterako dira gainerakoak. Bestalde, Beasaingo banderarekin batera Igartzako bandera ere eramango dute igandean.Igartzako Kofradiaren sustatzaileek beasaindar eta goierritar denei luzatu diete gonbitea igandeko aurkezpenera gerturatzeko. Haien arabera, dantza atsegin-iturri da. Ohiturak eta tradizioa bizirik dauden zerbait direla uste dute baina bizirik egoteko, aldi berean, elikatu eta aberastu beharrekoak direla gaineratuz: «Harria herririk gabe ezer ez delako», diote ekimenaren sustatzaileek. Herrikideei kultur ekimen berria eskaini nahi diete orain.
Dokumentuaren akzioak