Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hankak airean eta txistua ahoan, hil arte

Dokumentuaren akzioak

Hankak airean eta txistua ahoan, hil arte

HILBERRIA. JEAN NESPRIAS

Dantzaritzat ez, euskal dantzaritzat zuen bere burua; dantza irakasletzat ez, euskal dantza irakasletzat. «Nik euskal dantza egin nahi dut; euskal dantza irakatsi dut; ez naiz gauza sentitzen bestelakorik irakasteko», zioen Jean Nespriasek 2012an Euskal Kultur Erakundeak egindako elkarrizketa batean. Bestelako dantzarik ez zuen irakatsi, baina bai txistua; gainera, adinean oso aurrera egin arte. Astelehenean hil zen, 90 urte zituela. Haren aldeko hileta bihar izango da, Baionako San Andres elizan, 10:15ean.
Egilea
Miren Garate
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/02/08
Lotura
Berria
Miarritzen sortu zen Nesprias, baserritar familia batean. 12 urte zituenean hasi zen euskal dantza ikasten, Segundo Olaeta musikari eta koreografo bizkaitarrarekin, 1936ko gerra medio Ipar Euskal Herrien baitzebilen hura, erbesteratuta. Txistua jotzen, berriz, Jean Hillau baigorriarrak erakutsi zion, eta hark erabiltzen zuen teknika transmititu zien Nespriasek ere ikasle izan zituenei.

Ikasketaz mekanikaria zen, eta, zenbait urtetan ofizio horretan aritu arren, lanik gabe geratu zenean, 1955ean, euskal dantza irakasle izatea erabaki zuen, huraxe izatea ogibide. Hamaika parrokia, ikastetxe eta kultur elkartetan aritu zen eskolak ematen. 1943an, artean 16 urte zituela, Angeluko Orok Bat taldea sortu zuen —1963an Orai Bat izena hartu zuen, eta Baionan kokatu zen taldea—. Erretreta hartu eta gero, berriz, 1993an, Erro Bat taldea sortu zuen Baionan. Gazteria eta Kirol Ministerioko Arte eta Ohitura Herrikoietako aholkulari tekniko eta pedagogikoa ere izan zen.

2011n, 84 urte zituen ordurako, baina oholtzara igotzera animatu zen. Mizel Thereten Oroitzen naiz lanean parte hartu zuen, euskal dantzako ikur izan diren Filipe Oihanburu eta Koldo Zabalarekin batera (2014an hil zen). Ez zen omenaldi formatuko ikuskizun bat izan, ordea. «Ez da ez omenaldia ez ezer; jarri genuen lehenengo baldintza izan zen. Euskal Herrian omenaldi asko egiteko ohitura dugu», azaldu zuten orduan hiru protagonistek.
 BERRIA

Dokumentuaren akzioak