Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamazazpi urtez San Joan sua besarkatzen

Dokumentuaren akzioak

Hamazazpi urtez San Joan sua besarkatzen

Hernaniko Kantaitak ez du hutsik egingo gaurkoan ere: emakumeek osatutako taldeak lurra omenduko du, dakarren uzta oparoa izan dadin eskerrak emateko.
Egilea
Olatz Egaña Otaegi
Komunikabidea
Urumeako kronika
Tokia
Hernani
Mota
Albistea
Data
2018/06/23
Lotura
Urumeako kronika

Hernaniko Kantaitak 17 urte da­ramatza San Juan sua besar­katzen, eta xehetasunak  kon­tatu dizkigute bertako kide Marijo Mendiolak, Loli Iza­gi­rrek eta Koro Izagirrek.

Kantaita errotik 
Ur­diainen jaiotako omenaldi edo tradizio bat da Kantaita, ema­kumezkoak izan ohi ziren bertako protagonistak, herriko San Joan sua inguratzen zute­la­rik. San Joan bezperan ga­ue­ko hamabietan emakume ha­uek gari soroak inguratzen zi­tuz­ten, «Orain arte belar he­men­dik aurrera gari!» abestuz. Omenaldi honekin, lurrak be­deinkatu eta uzta paregabeaz gozatzeko itxaropena pizten zien emakume zein herritarrei. 

Ur­diaineko Kantaitari gerra zi­bi­la­ren garaian eman zi­tzaion amaiera, edo geldialdia izan zuen. 1966ean zehazki, Jose Mari Satrustegik Lucia Zau­gi­au­­rreren eskutik 28 ber­tso be­rreskuratu zituen. Sa­trus­tegik  bost urte beranduago publika­tu zituen, eta ez edo­nola, noski: ber­tsoak itzuli eta hauei musika gehituta, Kan­tai­tako abestiak sortu zituen,  P. Ondarraren eta Fran­cisco Arra­rásen laguntzaz. 

Beraz Kantaita berpiztu ze­netik, jarraipena izan du gaur egun arte, zehazki  Urdiaineko San Juan ermitaren ondoan,  baita Euskal Herriko hainbat txokotan ere: Oreretan, Her­na­nin eta baita Nafarroako zen­bait herritan. Esan bezala, Kantaita sortu zutenak ema­ku­mezkoak zirela kontuan har­tu­ta, tradizioarekin jarraitu dute eta  egun ere ekainaren 23an sua inguratzen dutenak ema­ku­mez­koak dira. 

Janzkera
Kantaitako jantzia tradizionala eta Urdiain bertakoa da. Bi gona luzez osatua dago, urdin ilu­nak, ertzetan berdea du­te­la. Goiko gonak bizkarra estaltzen du eta buruari lotuta doa ar­ta­buru eta zapi batekin; orra­tze­kin gona eta zapia lo­tzen di­tuz­te. Loli Izagi­rrek aipatu du pisu haundia duela burukoak, egurra dela kon­tuan hartzen bada eta gai­ne­ra estutu egiten duela. Koro Iza­girrek ere adierazi due­nez «mi­na ematen du gainera». Az­ken honek ere azaldu du oso ga­rran­tzitsua dela sinpletasu­na: ma­kilatu gabe, ilea bildu­ta… «Detaile txiki horiek zain­du egin behar dira». Garai haietan, hotz egiten zu­en, Urdiainen gehiago gaine­ra, horra hor jantzi sendoen arra­zoia, hotza­rengandik eta eu­riarengandik babesteko no­la­bait.  

Emakumeak protagonista
Aipatu bezala, hasiera batean ema­kumeek sortutako errezo bat zen, eurek sortu zituzten bai abesti zein dantzak, eta ho­ni eusteko, emakumeek jardun dute urte luzeetan plazak be­tez. Mendiolak adierazi du beti gizonezkoen dantzak man­ten­du egin direla. Hori dela eta, ema­kumezkoen dantza ba­ka­rrenetakoa denez, hau indar­tzea eta mantentzea dute hel­bu­ru. Hala ere Loli Izagirrek az­pi­marratu duenez, «egia esan ez zaigu mutilik etorri, baina etorriko balira, nik onartuko nituzke».

Ekainaren 23an, zergatik? 
Solstizioarekin lotuta doan omenaldia da Kantaita. Hori omen da arrazoia, ekainaren 23a egunik luzeena delako, ale­gia. Koro Izagirrek azaldu due­nez, «abestiaren azken esaldia gainera hori da, orain arte be­lar, hemendik aurrera gari». Uz­ta eman behar duen garaia has­ten dela gehitu du Mendio­lak.

 

«Hasieran komeriak izaten genituen. Zenbat aldiz entzungo ote genuen abestia...»

Hernanin ere Kantaita
Hernanin Kantaita 2001 urte­tik gaur egun arte egin da, ha­mazazpi urte daramatza San Joan sua besarkatzen. Ramon Garcia eta Pepi izan ziren Her­nanin honelako omenaldi edo ohitura bat aurrera eraman nahi izan zutenak. Hori ho­rre­la, Marijo Mendiola, Loli Iza­girre eta Koro Izagirre animatu eta orain arte aritu dira Kan­taitan, hauek ere hamazazpi urtez. 

Hasiera guztiak berriak dira, eta Kantaitako kideentzat ere halaxe izan zen. Mendiolak adierazi du, hasierako emanal­die­tarako arropak eurek erosi behar izan zituztela, udale­txe­ak gero dirua bueltatu bazien ere. Esan bezala, hasiera guz­tiak berriak dira, eta berria den hori erakargarria egiten zaigu. Hori dela eta, hasieran kide gehiago ziren, urteekin batzuk joan eta beste berri batzuk gehitu dira. Sortu zenenetik egun arte iraun duten batzuk ere badaude; Mendiola, Izagirre eta Izagirrez gain, hain zuzen, Pepi, Axun Arregi, Axun Idi­go­ras, Tere Mena eta beste hain­beste.  

Hernanin bi entsegu egiten dituzte. Kide berriei letra eman, hauek etxean ikasi, eta mu­­si­ka­rekin mugimenduak prak­­tikatu beharko dituzte. Ko­ro Izagirreren arabera musika oso berezia da, ikasteko zaila dela azpimarratuz. 

Loli Izagirrek adierazi due­nez, «guk hasieran komeriak izaten genituen. Zenbat aldiz entzungo ote genuen abes­tia...». Papera lurrean jartzeko ohitura zuten, besoak noiz mu­gitu ikusteko, abestien estrofen ondoan geziak marrazten zi­tuz­ten horretarako. Hala ere, kide berriek ez dute zertan ikasi nola mugitu besoak, Kan­taitako partaide beteranoek eramango baitituzte. 

Kantaita eta etorkizuna
Hernaniko Kantaitak aipatu be­zala 17 urte luze daramatza he­rriko plaza betetzen, eta ber­ta­ko kideek esperantza dute ez dela desagertuako, oraindik ere Kantaitak emango dituela be­reak eta gehiago.  Argi utzi di­gu­te Kantaitako kideek ez du­tela kopuru finkorik. Men­dio­lak adierazi du, «irekia dago, nahi duenak har dezake parte». Loli Izagirrek ere hala ziurtatu du: «kopurua haunditzea da guk nahi duguna». Orain ar­te­ko ki­de­ak, gutxi gorabehera, 25-30 in­guruan izan dira, San Juan sua inguratzeko adina. Baina Kantaitako kideak jendea ber­ta­ratzeko gogoz daude, Men­di­o­laren arabera, «geroz eta gehiago, orduan eta hobeto».  Hauen nahia beraz man­tentzea da, ez Hernanin bakarrik, Eus­kal Herri mailan egiten den ohi­tura delako, eta honi ja­rraipen bat ematea herritarron esku dagoelako.

Beraz  bai Mendiolak, bai Lo­li eta Koro Izagirrek zein Kan­taitako beste kideek jendea  parte hartzera bultzatu nahi du­te,  orain arte 25-30 inguru izan dira, baina kopuru hori 40ra heltzen bada primerako lor­pena izango litzake. Behar ba­da  Kantaitako hainbat ki­de­ei he­mendik urte batzuetara erre­­ti­ra­tzeko garaia helduko zaie, eta  hauei erreleboa egi­teko  lotsak alde batera uztea gon­bidatzen diete herritarrei.

 

SAN JUANEN KANTAITA

Egu bai egun honek San Juan diruri
Ez da San Juan bañan hala alunbra bedi.

Guazen San Juanera gaur arratsian
Etorriko gerala biar goizian.

Guazen San Juanera berduratara
Berduratara eta han egotera.

Juan nintzan Fraintziara etorri maiatzian
Zalditxo urdinian astuaren gainian.

San Juango iturriaren ondotik
Zazpi iturri urre kainuetatik,
Zortzigarrena metal zurietatik
Zortzigarrena metal zurietatik.

San Juango iturrien dago ura berde
Amurraitxo freskuak hantxen dirade,
Lernizko eskuak eta gero musua
San Juango iturriaren freskua!

Jesukristoren lengusua da
Aita San Juan Bautista,
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza!

Andra mutur maketsa
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza.

San Juan garagarrilian Denbora galantian!
Maizik eta garik ez dagonian etxian!

Orain arte belar hemendik aurrera gari! 

Sua inguratuko du berriro gaur Kantaitak, urteko uzta bedeinkatzeko.
Sua inguratuko du berriro gaur Kantaitak, urteko uzta bedeinkatzeko

Dokumentuaren akzioak