Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamar urte ondoren, euskal diasporaren Jaialdia ospatuko dute, ondoko udan, Boisen

Dokumentuaren akzioak

Hamar urte ondoren, euskal diasporaren Jaialdia ospatuko dute, ondoko udan, Boisen

Hamarkada bateko etenaldiaren ondoren, Jaialdi, euskal diasporaren hitzordu handia, Estatu Batuetako Boise hirian ospatuko da 2025eko udan. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean, musika, dantza, herri kirolak eta euskal gastronomia izanen dira protagonista Idahoko hiriburuan.
Egilea
Maitane Etxeberria
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Boise (AEB)
Mota
Albistea
Data
2025/03/29
Lotura
Kazeta
2015eko Jaialdiaren zazpigarren edizioa, AEBetako Idaho estatuko hiriburuan.
2015eko Jaialdiaren zazpigarren edizioa, AEBetako Idaho estatuko hiriburuan. (Urtzi URRUTIKOETXEA / NAIZ)

Hamar urteko etenaldiaren ostean, euskal diasporaren besta ezaguna, Jaialdi, berriz ospatuko da. Uztailaren 29tik abuztuaren 3ra, Idahoko hiriburua euskal kulturaren topaleku bilakatuko da, eta bertan, musika, dantza, herri kirolak eta euskal gastronomia nagusituko dira. Euskal Herriko eta diasporako milaka lagunen parte-hartzea espero da.

1987an hasi zen Jaialdi, euskal kulturaren alderdi tradizionalak eta modernoak ospatzeko helburuarekin. Azken hitzordua 2015ean eman zuten, 30.000 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituela.

Aurten, bestaren zortzigarren edizioa izanen da, eta horren karietara "National Geographic" aldizkariak ere tokia egin dio festibalari: 2025ean bisitatu beharreko hirien artean kokatu duelako aipaturiko argitalpenak Boise hiria, Jaialdi «AEBetako euskal jatorriko pertsonen kontzentrazio handiena dela» nabarmenduz. 

©nationalgeographic
©nationalgeographic

 

Euskal diasporaren elkargune izateaz gain, denboraren poderioz Jaialdi tradizioak belaunaldi berriei transmititzeko plataforma bilakatu da baita ere.

Basque Block eta Expo Idaho espazioetan da hitzordua

Ondoko udan, beste behin ere, euskal kulturaren aberastasuna erakutsiko du Basque Block eta Expo Idaho espazioetan antolaturiko topaketak. Bertan, euskal musika, dantzak, herri kirolak eta gastronomia izango dira protagonista.

Gisa berean, euskal sortzaileendako erreferente bat bada Jaialdi. Hala, aurten Neomak, Gatibu edo Tio bezalako euskal taldeak bertaratuko dira Idahoko hiriburura.

Bestalde, Teronen Semeak, Xabi Aburruzaga eta Arkaitz Añorgako dantzariak joango dira baita ere Jaialdira.

Gisa berean, herri kiroletako erakustaldiak ez dira faltako. Gainera, uztailaren 31n ospatuko den Kirol Gauak euskal kirol tradizionaletan ibilitako nazioarteko 11 kirolari omenduko ditu, hainbat harrijasotzaile, aizkolari eta beste hainbat kirolariren presentziarekin.

Urtailean eman zituzten Jaialdiko sarrerak salgai. Txartelak erosteko eta, oro har, informazio guzia eskuratzeko festibalaren webgune ofizialera joan daiteke.

Dokumentuaren akzioak