Dokumentuaren akzioak
Hamaika dantza ikuskizun antolatu dituzte Nafarroan
«Escena 2004» programa 12 herritara iritsiko da
Zortzigarren edizioa du Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Sailak antolatu ohi duen dantza programak. "Escena 2004" programa apirilaren 23an hasi zen eta ekainaren 13a arte iraungo du, eta zortzi ikuskizun plazaratuko ditu Nafarroako 12 herritan.
Parte-hartzaileen artean Nafarroako lau konpainia daude: Tempomobile, Aldanza, Hojarasca Danza eta JM Dantza Teatroa. Lau horiez gain, Aragoiko SYBAA konpainiak, Madril-go Dançem eta Larumbe Danzak, Kataluniako IT Dansak eta Andaluziako Grilo konpainiak ere parte hartuko dute.
Tempomobile Becky Siegelek zuzendutako konpainia da, eta "La memoria de las piedras" ikuskizuna aurkeztuko du, Javier Paxariñoren eta Jan Gabareken musikarekin. Muntatze hori Estatu espainolean XIII. mendean zegoen sinagoga bati buruzkoa da, gero kristau tenplu bihurtu zen sinagoga, hain zuzen ere. Hartara, Erdi Aroko giroan, gorteko dantzetan, arabiarren jauregietan, eta tribuen arteko borroketan barneratzen da kontakizuna.
JM Dantza Teatroak Josu Mugikak sortutako eta Nafarroako Antzerki Eskolak ekoitzitako "Plazer bila" ikuskizuna aurkeztuko du. Lan horretan, pertsonaia neutro batzuek bizi eta sentitzen dutena agertarazteko, plazerraren ideiari heldu dio Mugikak; jatearen, ukipenaren edota desioaren ideiei, alegia. Hojarasca Danza konpainiak, bestalde, "El mundo al reves" haurrentzako ikuskizuna taularatuko du. Jose Agustin Goytisoloren poema batean oinarrituta, muntatzea ametsen unibertsoan barneratzen da dantza, zirku eta antzerkiaren bitartez. Izan ere, pertsonaia nagusiak, neskak, errealitatea moldatzen ikasten du, horri beste esanahai bat emateko.
Nafarroko Aldanza konpainiak eta Aragoiko SYBAAk "Ensayo de un pequeño mundo" dantza garaikideko ikuskizuna aurkeztuko dute. Dançem taldeak dantza espainolaren berrikuspena aurkeztuko du "Reflexiones de Mey"lanarekin, eta Joaquin Grilok flamenkoaren ikuspen garaikide bat. Nafarroako Karmen Larumbe dantzariak sortu zuen konpainiak, Larumbe Danzak, "Mujeres" ikuskizuna ekarriko du gurera. Emakumeen munduari ironiaz eta umorez begiratzen dio. Azkenik, Kataluniako IT Dansa konpainiak Nacho Duato, Ramon Oller, Stijn Celis eta Rui Hortaren koreografiak aurkeztuko ditu hainbat herritan.
Nafarroa zehartuko dute
A.G
IRUÑEA
"Escena 2004"ko hurrengo emanaldia Aldanzak eta SYBAAk aurkeztuko dute larunbatean, Barañainen. Horren ondoren, maiatzaren 14an Valtierran errepikatuko dute; 15ean, Altsasun; 21ean, Burlatan; 22an, Beran; eta 23an, Zangozan. Maiatzaren 7an IT Dansa Antsoainen izanen da; eta 9an, Noainen. Tempomobile taldea maiatzaren 7an Lizarran izango da; 28an, Burlatan; eta ekainaren 13an, Los Arcosen. JM Dantza Teatroa maiatzaren 7an Zizur Nagusian arituko da; eta leku berean, baina 14an, Larumbe taldea. Egun horretan, Joaquin Grilo, Lizarran izango da; eta ondoren, 15ean, Beran; eta 16an, Los Arcosen. Azkenik, Dançem maiatzaren 28an, Valtierran arituko da; 29an, Barañainen; eta 30ean, Zangozan.
Dokumentuaren akzioak