Dokumentuaren akzioak
Hamabost dantza eta antzerki obra izango dira ikusgai dFeria murriztuan
Aurrekontua urriagoa izan dela-eta ikuskizun gutxiago daude aurten, denak euskal taldeek edo Euskal Herrian sortuak
Viktoria Eugenia antzokiak hiru ikuskizun hartuko ditu. Batetik,
abenduan Donostian bertan estreinatu zen Malandain Ballet Biarritzen Magifique.
Hiru koreografia taularatuko dira, Marius Petiparen koreografoaren eta
Piotr Ilitx Txaikovski konpositorearen elkarlanetik sortuak eta Thierry
Malandainek atonduak: Intxaur-hauskailua, Loti ederra eta Beltxargen aintzira balletak. Bestetik, Tanttaka konpainiak Herrialde Katalanetan sortutako La mujer justa
antzezlana egingo du. Bartzelonako Morras antzokian eskaintzen ari dira
egunotan, eta kritika onak lortu ditu Sandor Marairen testuan
oinarritutako lanak. Hiru istorio faltsuren kontakizunekin amodiozko
triangelu baten istorioa agertuko dute. K Producciones taldeak, aldiz,
ustelkeria politikoari buruzko 19:30 lana emango du antzoki berean. Lana orain gutxi estreinatu zuen Bilboko Arriagan.
Viktoria Eugenia antzokiaren Elkargunean, Kapzuloa
obra egingo du Koyame Antzerki Taldeak. Ikusleak parte-hartzaile aktibo
bilakatuko dira formatu berritzailea duen obra honetan. Antzoki bereko
Club aretoan, berriz, Otto haurrentzako euskarazko dantza ikuskizuna aurkeztuko du Elirale konpainiak. Club aretoan ere, Kolektivo Mostrenkoren Tenemos que hablar lana izango da.
Euskarazko bi lan, erdaraz
Euskarazko bi lanen gaztelaniazko estreinaldiak hartuko ditu
Donostiako Antzoki Zaharrak dFeriaren egitarauaren barruan: Hika
Teatroaren Aitarekin bidaian eta Txalo Produkzioak-en Arrastoa antzerki lanak. Aitarekin bidaian
lanak euskarazko lan onenaren Donostia Antzerkia saria jaso zuen iaz.
Hogeita lau ordutan bizitza osoaren errepasoa egingo dute Jose Ramon
Soroizek eta Joseba Apaolazak interpretatutako aitak eta semeak. Jabier
Muguruzaren musikak lagunduko die bidaia horretan. Arrastoa-ren
jatorrizko bertsioan Ramon Agirre eta Juan Garai aktoreekin aritu
bazen, erdarazkoan Pedro Romero eta Manuel Galiana izango ditu
taulakide Asier Hormazak. Jokalari fanatikoa den idazle baten istorioa
kontatzen du.
Madrilen eta Euskal Herriaren artean dabilen Katu Beltz konpainia gazteak Sísifo B
obra eskainiko du antzoki berean. Zoriontasunaren bilaketari buruzko
obra da; urteetan institutu batean literatura klasikoko eskolak ematen
aritu ostean, Sisifo dela konturatuko da protagonista. Dena utzi eta
zoriontasunaren bila abiatuko da.
Gainerako ikuskizunak Lugaritz eta Egiako kultur etxeetan izango dira. Golden Apple Quartet eta Kanpingags taldeek Goibel haurrentzako lana estreinatuko dute Lugaritzen, eta Urrunetik ametsetan dantza ikuskizuna estreinatuko du Ertzak leku berean. La Papa Antzerkiak genero indarkeriari buruzko Rosas Rojas antzeztuko du. Egiako Gazteszena aretoan, dantza izango da: Fingersix-ek La sonrisa ganadora emango du; Organik taldeak Maniátic@s, eta Kukaik, (SOK)2.
Dokumentuaren akzioak