Dokumentuaren akzioak
Hamabi dantzari lehiatuko dira igandean Pasaiko Aurresku Txapelketan
Azken lau urteotan jarraian Jon Maia errenteriarra izan da irabazlea. Aurtengo txapelketara ere aurkeztuko da, eta ondoko dantzariekin lehiatu beharko du: Aiet Beobide, Ander Diez, Andoni Etxeberria, Eneko Gil, Iban Uharte, Ekain Kazabon, Iker Kordal, Oñatz Mitxelena, Urko Mitxelena, Mederi Orbiso eta Haritz Salamanca. «Gipuzkoakoak dira guztiak, 16 urtetik 26 urtera bitartekoak», azaldu du Olatz Auzmendi txapelketaren arduradunak aurtengo parte hartzaileei buruz.
Teknikari, estiloari eta janzkerari puntuak
Hamabi dantzariek lau dantza ezberdin egin behar dituzte igandeko aurresku txapelketan: Aurkez-Aurke, Agurra, Esku aldatzeko soinua eta Zortzikoa. «Eta noski, gipuzkoar eran dantzatu behar dituzte dantza horiek guztiak». Halaber, dantzarien jantziak ere gipuzkoarrak behar dute izan. Hain zuzen, epaimahaia osatuko duten bost epaileek, dantzarien teknika eta estiloaz gainera, janzkera baloratuko dute puntuak ematerako orduan.
Txapelketaren arduradun Olatz Auzmendiren esanetan, 13:30etarako emango dute aurtengo Esukadiko Gipuzkoar Aurresku Txapeldunaren izena. Bienbitartean, hots, dantzarien emanaldia amaitu eta irabazlearen izena esan arte, joan den igandean gaztetxoen aurresku txapelketan irabazle irten ziren Martxel Rodriguez eta Alain Maia dantzariek emanaldia eskainiko dute. Hori bukatu ostean, sariak banatuko dituzte.
Dokumentuaren akzioak