Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hamabi bikotek jokatuko dute Dantza Sueltoaren «Tourra» igandean Seguran

Dokumentuaren akzioak

Hamabi bikotek jokatuko dute Dantza Sueltoaren «Tourra» igandean Seguran

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/06/15

Hernaniko Parrondo anai-arrebek dantza uztea erabaki dute hiru aldiz segidan txapela jantzi ondoren, baina horrek ez du esan nahi haien lekua betetzeko faboritorik dagoenik. «Iazko txapelketa ikusita, tropel bat dabil punta-puntan, eta edonork eman dezake ezustekoa. Urte guztian egindako lanaren emaitza da Seguran erakusten dena. Bakoitzak bere kartak ezkutatu egiten ditu. Zer pauso aldatu dituen; zer berrikuntza plazaratuko dituen; eta urtebetean teknikoki zenbat garatu den igandean ikusiko dugu», esan zuen Joxe Juan Ugaldek, atzo, Euskal Dantzarien Biltzarraren izenean.



Hamabi bikote izango dira Ugaldek «dantza sueltoaren Tourra» deitu zion Segurako txapelketan. Honako hauek: Azkoitiko Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga, Hernaniko Xabier Segura eta Lierni Martiarena, Bergarako Alex Torre eta Josune Fernandez, Arama-Lazkaoko Joseba Apaolaza eta Irati Imaz, Bergara-Donostiako Aitzol Ena eta Miren Illarreta, Bergarako Asier Mena eta Maite Lazkano, Zegama-Bergarako Xabier Azurmendi eta Janire Urbieta, Azkoitiko Azpitarte anai-arrebak, Bergarako Mikel Ugartua eta Ibane Baseta, Sestaoko Arkaitz Pascuas eta Nagore De Las Cuevas, Errenteriako Eneko Gil eta Nerea Vesga eta Sestao-Mendaroko Aritz Martin eta Maialen Olazabal.



Txapelketa Imanol Artolak eta Itxaso Martinek aurkeztuko dute eta, Joxe Mari Oterminek atzo jakinarazi zuenez, hilaren 25ean gaueko hamarretan emango du ETBren lehenengo kateak ekitaldia. Hain zuzen ere, azken urteotan telebistan dantzak irabazi duen lekua nabarmenduta hasi zituen hitzak Oterminek.



Irudia ere berria



Berritasunak aipatu zituen Segurako alkate Mikel Areizagak, eta lehenengo berritasuna Nestor Basterretxeak egin duen irudia izan da, aurrekoa parrondotarrek eraman baitzuten etxera hiru aldiz segidan irabazi ondoren. «Hogeita bederatzi urte hauetan bost bikotek izan dute irudia etxera eramateko zoria», adierazi zuen Milkel Areizagak.



Azken urteotan, Edu Muruamendiarazek koreografia berri bat aurkeztu ohi du Seguran, eta aurten “Kutsartean” izenekoa estreinatuko du. Areizagak adierazi zuenez, ondoren Madrilgo dantza txapelketa batean aurkeztekoa omen dute lan berri hori.



Joxe Juan Ugalde epaimahaiko izango denak adierazi zuenez, erritmoa, berdintasuna, zailtasuna eta osotasuna neurtuko dituzte.



Doinuetan aurten aldaketa txiki bat izango da eta fandangoa dantzatuko dute trikitiarekin eta arin-arina txistuarekin. Trikitia Joseba Iparragirrek eta Ander San Josek joko dute eta txistua, Segurako Isilkara taldeak. «Bikote hauek izugarrizko prestakuntza egin dute; urtez urte izugarrizko berdinta- suna erakusten ari dira eta seguru nago sekulako ikuskizuna erakutsiko dutela», esan zuen.



Segurako Dantza Txapelketak 30 urte beteko ditu datorren urtean, eta dagoeneko hasiak omen dira egitarau berezi bat prestatzen.

Dokumentuaren akzioak