Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hala Bazan ipuinak eta inauterietako pertsonaien lan berezia, NAIZ Irratiaren eskutik

Dokumentuaren akzioak

Hala Bazan ipuinak eta inauterietako pertsonaien lan berezia, NAIZ Irratiaren eskutik

Hala Bazan ipuinen bigarren denboraldia sareratu du NAIZ Irratiak; gainera, euskal inauterietako pertsonaia nagusiak ezagutarazteko lan berezia egingo du publiko datorren astean. Urte hasieratik heriotzari eta umoreari eskainitako saio bana aireratu ditu.
Egilea
Ion Telleria
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2026/02/03
Lotura
Naiz

 

Zirtzilak, lekuan leku janzkera ezberdina baina IZAERA zirikatzaile antzekoa dute.
Zirtzilak, lekuan leku janzkera ezberdina baina IZAERA zirikatzaile antzekoa dute. (Amaia Carrere)

 

Harrera beroa izan zuen iaz Hala Bazan ipuinen lehen denboraldiak eta pentsatzekoa da antzekoa izango duela bigarrenak ere. Beste 40 ipuineko sorta landu du NAIZ Irratiak. Ahoz aho transmisio kate luzea bete duten ipuinak dira; Joxemiel Barandiaranek, Resurrecion Maria de Azkuek edo Errose Bustintzak jasotakoak, besteak beste.

40 ipuin eta sei ipuin kontalari «betiko» istorio hauek egungo belaunaldiei gerturatzeko asmoz. Aldi honetan Ixabel Agirresarobe, Joxe Mari Carrere, Ander Edo, Ane Arrugaeta, Dorleta Kortazar eta Ventura Ruiz aritu dira kontalari lanetan eta NAIZ Irratiaren webgunean eta NAIZen Youtube kanalean daude ipuinak ikusgai, egunero 7.55 aldean eskaintzen ditu NAIZ Irratiak uhinetan.

Ahozko ondarea eta mitologia dituzte ipuinek oinarrian, herri kontakizunak daude; alegia, ipuin eta kondairak; ongi jasotakoak batzuk, jatorri ezazagunekoak asko. Tartalorena, Mateo Txisturena, Artzaina eta Basajaunarena, Lezaoko amilaniarena, Ziripot, Ikazkina eta herio... Euskal iruditeriaren zati handi bat jasotzeko erreminta dira ipuin hauek; sarrerakoan aipatutakoez gain Manuel Lekuona, Toti Martinez de Lezea, Maialen Moreno, Maddi Ariztia, Jean François Cerqund, Juan Kruz Igerabide eta Bakarne Atxukarro ere ageri dira ipuin hauek jaso dituztenen artean.

Inauterietako protagonistak

Euskal inauterietako pertsonaien kasuan ere kondairak eta ahoz aho transmititutako istorioak maiz ageri dira. Azken urteetan susperraldi izugarria izaten ari dira landa eremuko inauteriak eta hiriguneetan ere itxura eta molde berriak ari dira hartzen. ‘Mediabask’-ekin elkarlanean, inauteri hauen inguruko lanketa berezia egiten ari da azken garaian NAIZ Irratia; pasa den ikasturtean hainbat herri inauteri ezagutzeko podcast berezia ondu zuen irratiak eta aurten euskal inauterietako pertsonaia esanguratsuenak ezagutarazteko lan berezia osatu dute bi hedabideek.

 

 

Altsasuko momotxorroaren irudia (Amaia Carrere)
Altsasuko momotxorroaren irudia (Amaia Carrere)

 

 

Aitzpea Leizaola antropologoaren hautaketa eta lanketa du oinarrian lan berezi honek eta Amaia Carrere lapurtar ilustrazailearen marrazkiekin lagunduta dator. Ez daude diren denak, baina daudenak badira. Pitxu, Zirtzilak, Zamaltzaina, Lamiak, Txinoak, Markitos, Txilabak, Ziripot... Inauteria gaur-gaurkoz nola ospatzen denaren adierazgarri diren 14 pertsonaia hautatu dituzte lan honetan; izenak izen, horietako asko partekatzen dituzte euskal herri ezberdinetan.

Bi gehigarri berezitan eta podcast batean lurreratuko da lan hau. GAUR8ren baitan banatuko da euskarazko dosier berezia heldu den otsailaren 12an eta ‘Mediabask’-en paperezko astekarian frantsesez. Podcasta irratia.naiz.eus webgunean eta podcast plataformetan egongo da entzungai.

Azken Kafea

Urte hasierarekin bat NAIZ Irratiak abiatutako emankizun berrien artean beste bi nabarmentzeko. ‘Azken Kafea’ podcasta heriotzaren inguruko tabuak altxa eta honen minak biguntzeko helburuz sortu du Urtzi Ugaldek. Ama minbiziaren eraginez galtzear zuela abiatutako dolu prozesuaren parte da podcasta bera ere. ‘Ama’ artefaktuan papereratu zuen bere baitan bizitakoa eta orain irrati uhinetara ekarri du bere esperientzia eta antzeko prozesuak pasa dituztenena.

Doluaren prozesua hamaika ertzetatik partekatzeko balio duen podcasta da eta hizketagai gisa ia debekatua dirudien heriotzaren auzia lehen lerroan jartzekoa. Bat-bateko galerak, etxeko txikienak, suizidio kasuak, eutanasia, minbizia... landu ditu Ugaldek gonbidatuekin: Pilar Kaltzada, Nerea Olaziregi, dibulgatzaile moduan ezagutu dugun Patxi Lurra (Iñaki Peña), euren alaben heriotza bizi ostean Hil Argi elkartearen bueltan lanean ari diren Amaia Madariaga eta Oihane Arriaran, Mikel Baza familia medikua, Leire Markuerkiaga, Iñurri elkarteko Julene Illarramendi, Ane Izagirre psikologoa, Mariz Luz Esteban antropologoa eta Aitziber Garmendia aktorea.

Asteartero 18.00etan eskaintzen du NAIZ Irratiak atal berri bat, ondoren webgunean eta podcast plataformetan.

‘Punpairez’

Urte hasierako eskaintza berrian kontrastea ‘Punpairez’ umore saioak dakar. Eskaintza bikoitza da, aretoetako ikuskizuna ere badelako ‘Punpairez’ (Deban, Iruñean eta Ordizian egin dituzte lehen emanaldiak) irratsaioa izateaz gain. «Umorea, musika, elkarrizketak eta beste hamaika kontu» iragarrita aurkezten dute euren burua. Umorea ardatz eta gonbidatu bat eskutik hartuta ordubeteko eskaintza atsegina da ‘Punpairez’-ena.

 

 

Dokumentuaren akzioak