Dokumentuaren akzioak
Haendelen musika zerutiarra
Koreografiaren diseinuan tartekatu egin dira airetiko irudi estatikoak mugimenduaren abiadura desberdinekin, dantzariek ondo baino hobeto konbinatzen baitute energia kolpeetatik bat-bateko geldotasunerantz doan prozesua, horrek dakarren sentsazio kontrajarriarekin. Pascal Comeladek ikuskizunerako beren-beregi konposaturiko soinu-banda ere konplexua baino gehiago, nahasia iruditu zait, baina ezin hobeto adierazi ditu Gelaberten irudimenaren bideak. Izan ere, Comeladeren musikak eta Gelaberten figurak bat egin dute Sense fi izeneko pieza honetan, eta ikuslearen gidari bihurtu dira koreografiaren pasarte oniriko eta alaitsuen artean.
Bigarren piezak Conquassabit du izena, latinezko hitz hori errepikatzen duelako koruak Haendelen konposizio batean. Aurreko zatiarekin kontrastea eginez, zuria eta beltza izan dira jantzietako kolore ia bakarrak, baina aurreko lanean bezala, muturreko dotorezia, malgutasuna eta energia bideratua izan dira dantzari guztien ezaugarriak. Izenburuak adierazitako konbultsioak edo aztoramena izan dira atal honetarako aitzakia, eta horrek ekarri du dantzari bakoitzak oso era indibidualean jardutea gehienetan.
Bigarren zati honetan ere nahasia izan da diseinu koreografikoa, eta elementu eszenografiko ikusgarriak -zilar koloreko oihal handia bereziki- justifikazio handirik gabe nahaspilatu dira pantomima kutsuko keinu erasokorrekin eta Gelabertek hartutako zeremonia-maisu rol nabarmenarekin. Gauzak horrela, nik zenbait momentutan nahiago izan dut begiak itxi, Haendelen musika zerutiarra entzun eta dantzarien balizko eboluzioen edertasuna ahaztu.
Konpainia: Gelabert-Azzopardi. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilaren 29a.
Dokumentuaren akzioak