Urak dakarrena, urak darama artikulu hunkigarria argitaratu zuten Haatikeko kideek euren webgunean, larunbat honetan Ur bizitan ikuskizuna azkenekoz oholtzaratuko dutela iragartzeko. Non eta gure herriko kultur etxeko auditorioan, 20:00etatik aurrera. "Hortxe duzue gonbidapena, emanaldi honetaz gozatzeko aukera izan ez duzuenok, eta baita ikusi duzuenok ere. Zatozte 26an Lasarte-Oriara, azken aukera izango baita!", nabarmendu dute.
Bihotzetan sentitzen dutena hitzetara eraman dute, besteak beste, egindako bidea eskertzeko: "Eskerrak eman nahi dizkizuegu bidean lagun izan zareten guztioi: lagun, senide, ikusle, jarraitzaile, programatzaile eta teknikariei. Egia da agur esaten sekula ez dela erraza, baina eskura ditugun proiektu berriekin aurrera begira gaude. Egindakoak merezi izan duela badakigu, eta hau da ondoen egiten dakiguna, edo behintzat gehien gozarazten diguna".
Aurreneko emanaldia 2022ko martxoan egin zuten, Tolosako Leidor aretoan. Geroztik egin dituzte beste zenbait, hori bai, espero baino gutxiago. Edonola ere, "pozik" daude, "emanaldi kopurua baino, bakoitzaren kalitatea delako benetan garrantzitsua".
Ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria
Donostiako Txurriategi baserriko familiak kontatutakoak eraman zuen Haatik konpainia sorkuntzaren bidaia hori abiatzera. Bertako kideak "hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu" egin zituen Joxi eta Juanik kontatutakoek, eta, batez ere, zer pentsatua eman, garai horietako gertakarien gaineko jakin-mina piztuta.
Gauzak horrela, pandemia osteko hilabeteetan hasi ziren sortzen, emanaldiak gorpuztu eta 2022ko martxoan Ur bizitan estreinatu zuten arte. "Ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria bat" dela diote Haatikeko lagunek, "edo agian modu jasangarri batean bizitzeko aukeraz diharduen gogoeta bat".
Bat edo beste, ez da ekimen "huts eta anekdotikoetan" oinarritzen den lan bat; bizitzaren beraren oinarria eta garapena dira obraren funtsak, edo, bestela esanda, "gizaki eta natura baliabideen arteko elkar ulertze zintzo baten beharrean kokatzen den alegoria bat". Halaber, agerian utzi nahi dituzte natura gizakiaren beharretara moldatzeko joeraren ondorioak.
Aipatutako hori guztia transmititzeko, dantza garaikidea, zuzeneko musika eta hitza uztartu ditu Aiert Beobidek zuzentzen duen taldeak.