Otsailaren 19an, Haatik dantza taldeak Errimak bi oinetan ikuskizuna taularatuko du Aiako probalekuan, 22:30ean hasita. Emanaldi horretarako sarrerak bihar, osteguna, 16:30ean jarriko dituzte salgai, zortzi euroren truke. Bi tokitan eskuratu ahal izango dira horiek: batetik, Aiako kultur etxean, bertara joanda —astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 19:15era; eta ostiraletan 09:00etatik 12:30era eta 15:30etik 18:45era—; edo telefonoz 943-13 09 24 zenbakira deituta; eta bestetik, Interneten, Musikaze.com atarian. Probalekuko edukiera mugatuta egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Errimak bi oinetan ordubeteko iraupena duen ikuskizuna da, sortzaileen hitzetan, "garai bateko eta gaurko bertso eta doinuz osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarria". Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta beste hainbat bertsolariren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diete ahotsa. "Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna, eta horien bidez gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea, kantu ezagunei eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez".