Dokumentuaren akzioak
Haatik dantza konpainiaren 'OTS', labetik ateratzeko prest
Haatik dantza konpainiak lan berri bat du eskuartean, “oso berezia”, aurreratu dutenez. OTS izeneko lanari azken zertzeladak ematen ari da Pasaiako ordezkaritza zabala duen taldea. Lan hau Herri Gogoa, Euskal Herriko lehen zigilu diskografikoan islatutako mugimendu kultural abangoardista “berrinterpretatzeko bultzada gisa” sortu dela azaldu dute konpainiako kideek. “Zentsura zela eta, zigilu hori inoiz ofizialki existitu ez bazen ere, berrehun diskotik gora argitaratzea lortu zuen, euskal kultura biziberritu eta berritzeko helburuarekin”, diote konpainiako iturriek. Diskoetxe baten oinarritua izani, musikak “garrantzi berezia” izango du lan berri honetan: “konposizio, soinuzko dokumental eta testigantza musikalen erreportaje bat eraiki dugu, inprobisazio eta esperimentazioari esker bizirik bidaiatzen duena emanaldiz emanaldi.
Jone San Martin dantzari eta sortzaile donostiarrak sortu du koreografia, eta euskal dantza izan du inspirazio iturri.
Datorren martxorako jada zenbait hitzordu itxi dituzte, Donostian, Sopelan, Bilbon, Andoainen, Tolosan eta beste zenbait herritan izango dira, lan berria aurkezten. Gero, bira berri bati ekingo diote, momentuz, 18 emanaldi itxi dituzte.
Donostia eta Tolosarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta datorren astean Bilbokoak jarriko dituzte eskuragarri.
Lan berriaren gaineko informazio gehiago kontsultatzeko lotura honetara jo daiteke.
Dokumentuaren akzioak