Dokumentuaren akzioak
Haatik dantza konpainiak 'Lau eme' estreinatuko du larunbatean
Emakumeen ahalduntzeari buruzko ikuskizun hau Pasaian eskainiko dute aurrena
Estreinaldiaren ondoren, ekainaren 10ean Gasteizeko Kaldearte jaialdian eskainiko da, uztailaren 8an Arrasaten, uztailaren 10ean Bartzelonan eta abuztuaren 2,3 eta 4ean Libourneko FestArts jaialdian.
Aiert Beobide (Donostia, 1978) zuzendari dutela, lau emakume dantzari hauek jardungo dira: Irati Sorondo (Tolosa, 1991), Anne Jauregi (Anoeta, 1992), Nagore Zabala (Ibarra, 1995) eta Amaiur Luluaga (Anoeta, 1992). Estilismoaz Ramón García (Errenteria, 1957) arduratu da.
Taldeak sinopsi hau egin du ikuskizunarena: «Kanpotik itxura ederra bazuten ere, sakonean zapalduak eta otzanak ziren garaiko emakumeek emango diote hasiera pieza honi. Familia zaindu eta euren senarrentzat apain egotea zen bete beharreko rola, baina pausoz pauso, eta borroka feministak historian zehar emandako aurrera pausoak erakutsi nahian, gaur egungo emakumearengana iritsiko gara. Bere lanean baloratua izatea lortu duen emakumea, gizartean hitza eta botoa emateko eskubidea duena. Itxuraz libre eta independientea... baina oraindik euren jokabideengatik uneoro epaitzen duen gizarte batean. Lau emakume, lau emakume borrokan. Haien eskubideengatik borrokan. Aurrerapen handiak izan arren, lorpenak izan diren arren, erne jarraitu behar da, zelatan egoteari utzi gabe. Amore eman gabe. Amaitu al dira borroka ergiteko arrazoiak? Ez! Garrasi egin dezagun!».
Haatik konpainia 2011 sortu zen –hasieratik Aiert Beobideren zuzendaritzaren pean–. Hurrengo urtean plazaratu zuen lehenbiziko ikuskizuna, 'Errimak oinetan'. Besteak beste, 2016an 'Hormek diote' proiektua jarri zuen abian, Donostiako Kultur Hiriburutzaren barruan.
Mendi Urruzuno
Dokumentuaren akzioak