Iratxe Bravo, Nerea Villa, Arantxa Arrastia, Sonia Miranda eta argazkian falta diren Kepa de Vega eta Mireia Berriozabal aritu dira aurten jostun lanetan. "Koko-batzeak laugarren urtea du aurten. Lehen bietan bereziki lanpetuta ibili ginen; dena zegoen egiteko. Aurten, hartz txikia sortzea zen erronka nagusia, baina saltsa hauek gustuko ditugu, eta, azkenean, beste bost mozorro berri ere irten dira: Udaberria, Udazkena, Belea, Mirotza eta Zuhaitza. Hartz txikia, berriz, oso polita da", azaldu du Villak.
Masustek osatzen dute kokoen multzo nagusia. "Etxean dagoenarekin edonork prestatu dezakeen koko-jantzia da. Behar dira kolore bizidun jantziak, txapela prestatzea eta aurpegia estaltzea. Hortik aurrera, dena libre!", esan du Bravok.
Azken entsegua gaur
Goibekok antolatzen du koko-batzea, eta gaurko deitu du azken entsegua, 19:30ean, gimnasioan. Azken zalantzak argitu eta dantzak zein koplak errepasatuko dituzte.
Hartza bihar esnatuko da, plaza barrenean, 09:00etan, eta konpartsa Urrejalei baserrian, Ubera auzoan (10:15), San Antonion, Galarragaetxetxon eta Zabaleta auzoan (13:30) izango da bazkaldu aurretik. Hartz txikia 18:00etan esnatuko da eta Ustekabe txarangarekin kalejiran egingo du Salbador gainerainoko bidea. Bertan elkartuko da Zalbide etxetik datorren hartz handiarekin zein kokoen konpartsa guztiarekin.
Plazara joango dira, azken dantza eta kantu saioa egiteko. "Animatzen ditugu herritarrak iluntzeko saio horretan parte hartzera, baita herriko balkoiak eta leihoak apaintzera ere", esan dute.