Dokumentuaren akzioak
Gure dantzen "urrezko" balioa
"Bi arazo ditugu dantzaren munduan: gizartearen dantzaren ezagutza eza (baliorik ematen ez diogulako), eta dantzatzen ari garenon ezagutza falta"
Ez dago "modan", ez dugu baliotan jartzen, ez dugu ezagutzen eta neurri handi batean berdin zaigu: Euskal dantza tradizionalaz ari naiz (Hemendik aurrera "euskal dantza" edo "dantza" deituko diot). Lagun batek esan zidan beste egunean euskal kulturari buruzko talde-lan bat egin behar zutela EHUko magisteritza graduan. Kasurik onenean ikasleak (Ehun bat izango ote dira?) ez ziren zazpi jauzitik pasatzen. "Esku dantza", oso sinplea den dantza jokoa, gutxik jakin zuten dantzatzen musika jarri zutenean. "Bikoteen dantza" eta "pausuen dantza" (gure herrietako erromerietan zeharo zabaldu diren dantza kanpotarrak), gure dantza tradizionaltzat ditugu; txapela batekin dantzatzen den edozer gauza euskal dantzatzat hartzen dugu ere eta dantzatzeko beharrezkoak diren musikekin ere berdin egiten dugu: Trikia edo albokarekin jotzen badira, tradizional bihurtzen ditugu. Ez dut aipatuko ere egingo jendearentzat areto batean dantza ikuskizun bategatik 5 € ordaintzea zer den: "astakeria hutsa!", "Plazetan dohainik dantzatzen dutenean!" (edo "dugunean", horrelakoak dantzari diren askok ere esaten baitituzte). Berdin dio aretoa ordaintzeko gastuak zenbat diren, dantzarako jantzi garestiak mantentzea zenbat balio duen edota dantzari eta musikariek ikuskizun hori prestatzeko zenbat denbora erabili duten, "Garestia da 5€ ordaintzea euskal dantza batzuengatik".
Bi arazo ditugu dantzaren munduan: gizartearen dantzaren ezagutza eza (baliorik ematen ez diogulako), eta dantzatzen ari garenon ezagutza falta. Dantzari diren askok ez du jakingo lehen aipatutako "pausuen dantza" euskal dantza ez dela. Eta ez du jakingo ezta Jaurrietako nesken dantza edo "axuri beltza" Juan Antonio Urbeltzek birsortutako dantza dela, ikerketa baten ondorioz egindako berreskuratze lana alegia. Juan Antonio Urbeltz esan dut bai, nor ote da hori? Ba agian jendeak ez du jakingo, baina Benito Lertxundiren "Baldorba" abestiaren letra berak sortu zuen. Hala ere, horrek ez du ezagun bihurtu. Folklore munduan, batez ere euskal folklorean, egin dituen ikerketengatik egin da ezagun Urbeltz. Askotan gogaitzen naute instituzioek dantzari modernoak aurreskuetarako kontratatzen dituztenean ("gurea", tradizionala dena, gaizki egongo bailitzan), dantzaren estiloa eraldatuz eta aurreskuaren moldea zeharo desitxuratuz, eta jendeari (eta dantzari askori) sinestaraziz "horrela" dantzatutako aurreskuak direla "ondo" dantzatuta daudenak (Zer litzateke euskaldunzahar bat ingeles azentuaz euskara hitz egiten hobeto egingo duelakoan?). Baina kasu honetan badago instituzio bat nire miresmena jaso behar duena: Gipuzkoako Foru Aldundia. Kasu batzuetan esaten da herritarrak politikarien aurretik joaten direla, kasu honetan uste dut instituzioak joan direla herritarren aurretik. Egia da euskal folklorearen munduan erreferentetzat dugula askok, baina gizarteak ez du ezagutzen gure kulturaren barruan aintzindari izan den pertsona. Gure dantzen sakontasuna eta erroan murgildu dena, ondoren konposizio berriak egiteko betiere tradizioan oinarrituta edo gure dantzekiko fideltasuna bilatuz. Euskal dantzari horrenbeste eman dion gizonari, gipuzkoako urrezko domina eman diote bere ibilbide oparoa balioan jarriz eta dagokion aitorpena eginez. Horrelako errekonozimenduak instituzioek egiten ez badituzte, ez ditu inork egiten. Herrian lau "friki" gara soilik Urbeltz eta bere Argia dantza taldea ezagutzen ditugunak (eta berau ikusteko ordaintzen dugunak), ziur orain euskal kulturari horrenbeste eman dion gizona ezagunagoa bihurtuko dela. Espero dut horrelako sarien ondorioz, dantzetan interesatuta dauden pertsonei dantzatzen ari direnaren gaineko jakinmin gehiago piztea. Ezin ditugu dantzak inertziaz eta imitazioz soilik ikasi, bestela horrela gertatuko zaigu kanpoko dantza (edo pausu) gehiago gure kulturan sartuko direla.
Izan bedi azken urrezko domin hau gizarteak dantzak balioan jartzeko saria eta izan dadila Urbeltzen lana gibelean aipatu ditudan egoerak gehiagotan ez errepikatzeko tresna.
Eskerrik asko eta Zorionak Jose Antonio Urbeltz!
Dokumentuaren akzioak