Dokumentuaren akzioak
Gurasoak dantza ikasle
Inkesta:
Ana Rodriguez
“Hiru
belaunaldi ari gara dantzan une honetan. Kontua da Arantxa Atxukarro,
nire ama, Urkiren entseguetara etortzen dela, Maider nire alabaren
bila. Halako batean ikastaroarena entzun, eta izena eman zuen! Ni ez
nintzen atzean geratuko noski, eta biok etorri gara. Nik normalki ez
daukat erreparorik plazetara ateratzeko, baina zeharka, ondokoari
begira jarduten dut. Konfiantza lortzea nahiko nuke ikastaro honekin”.
Xabier Sanchez
“Txikitan
Iñaki Arregirekin ikasi genuen, aurreskuko zenbait pauso besterik ez
ditut oroitzen. Benetan inbidia izan ohi dut jendea dantzan ikustean.
Arin-arin eta fandangoko pauso batzuk ikasi eta plazan plantak egiteko
gauza naizela sentitzearekin, egundoko poza hartuko nuke. Horretara
nator, baina ez dakit lortuko dudan, lantokitik korrika etortzen
bainaiz, eta dantzak kontzentrazioa eta denbora eskatzen du”.
Azucena Martin
“Nik
txikitan zer edo zer ikasi nuen, baina ez askorik. Niretzat hemengo
ikastaroa hutsetik hastea bezala izan da eta oso pozik nator hona,
giroa ere aproposa delako.
Ikastaroa amaitzerako ez dut uste
erromerietan-eta ondo dantzatzeko gai izango naizenik, baina zerbait
aurreratzen ari naizela konturatu naiz”.
Nerea Fernandez
“Guraso batzuk bero-bero jarri ziren ikastaroa egin behar genuela esan eta esan; halako jarrera ikusita ni ere berehala animatu nintzen. Oso atsegina da; ikasi ere, ikasten ari gara. Baina plazatan txukun jarduteko moduan, ez bestetarako; izan ere, etxean alaba ari zait galdezka, ea noiz egin behar dugun jendaurreko erakustaldia”.Dokumentuaren akzioak