Dokumentuaren akzioak
«Gu» izatearen sentimendua berpiztuko dute Biarritzen Sustrai Dantza topaketek
Zuhaitzen eta gizakien arteko lotura eta kohesioa ardatz dituen ekimen bat antolatu du Le Nouveau Guide elkarteak, martxoaren 21etik 30era. Sustrai Dantza topaketak Biarritzeko hiru leku berezitan izanen dira, hau da, Minzabu Gaztetxean, Kabian eta Open Gare ostatuan.
Elkarteak hainbat gai tratatuko ditu topaketa horietan. Izan ere, zuhaitzen inteligentzia, eskaintzen dituzten baliabide naturalak eta inguruan diren jarduerak, inteligentzia kolektiboa, kooperazioa eta talde lana elkartuko ditu hainbat aktibitateren bitartez.
Shantala Lescotek marrazki tailer bat animatuko du, Ernst Zürcheren filma bat aurkeztuko dute, kupula bat montatuko dute, dantza, kontzertu eta beste aktibitate andana bat proposatuko dituzte bederatzi egunetan zehar.
Horrez gain, frantsesez «Tiers-lieux» deitzen diren elkarguneek, gizarte-loturak, emantzipazioak eta ekimen kolektiboetarako eremu berriek, garrantzi handia izanen dute. Leku hibrido horien dinamikak lurraldearen bizitzan nola laguntzen duten erakutsiko dute antolatzaileek, eta egurra lantzen dutenengan arreta berezia jarriko dute. «Lankidetza eta parte-hartze esperientzia paregabe bat da, ‘gu’aren sentimendua berriz bizitzeko» dio elkarteak.
Aldaketaren eragileek osatutako programa beren burua, besteena eta bizidunarena zaintzea premiazkoa dela uste duenari irekia da. Programa zehatza Interneten da, eta lekua erreserbatzeko webgune honetara zuzendu behar da.
Dokumentuaren akzioak