Artainu izena du Groseko inude eta artzainen konpartsak. Azken hamarkadan handituz joan da auzoko taldea, eta, aurten, 77 dantzari, 29 danborrari eta 54 figurante aterako dira kalera; guztira 160 lagun izango dira. Bi urtez pandemiaren ondorioz geldirik egon dira, baina igandean, otsailaren 5ean, bueltatuko dira.
Txofre kaletik abiatuko dira 11:15ean, eta handik hasiko dira auzo guztia zeharkatzen: Jose Maria Soroa, Marino Tabuyo, Jose Arana, Bermingham, San Frantzisko eta Katalunia plaza. Plazan parodia antzeztuko dute 12:15ean, eta konpartsak Aitona saria emango dio Verdini dantza taldeari, desgaitasunak dituzten pertsonen alde egiten duten lanarengatik esker ona adierazteko.
Ondoren, aurrera jarraituko dute: Trueba, Secundino Esnaola, Aita Larroka, Karkizano, Mirakruz, Gloria, Galtzara nagusia, Segundo Ispizua, Claudio Delgado, Txofre plaza, eta Artetxe jeneralaren kalea. Aurreikusi dute 14:30ak aldera bukatzea desfilea.