Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Gorria' ikuskizuna aurkeztu dute Legution

Dokumentuaren akzioak

'Gorria' ikuskizuna aurkeztu dute Legution

Komunikabidea
Alea
Mota
Albistea
Data
2020/01/13
Lotura
Alea

Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrieta 'La Pulgak' sortutako ikuskizuna ostiralean aurkeztu zuten Legutioko kultur etxean.

Gorria ez da bertsolaritzaren eta flamenkoaren fusio bat. Argi utzi dute Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga flamenko dantzariak Legution aurkeztu duten ikuskizunaren inguruan. "Ez gara elkarren moldeak imitatzen saiatuko, ezpada, nork geure diziplina modu malgu eta libreago batean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen", azaldu dute. Bertsolari baten eta bailaora baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza da Gorria, "esperimentazio gune bat".

Azken hilabeteetan landu dute proposamena. "Ez dugu ezer berririk asmatu, bai zerbait oso geurea; intimista, intuitiboa, erraietakoa... Gorria. Jasotzeko prest dagoen edozein ikus-entzulerentzakoa". Hamar piezatan banaturiko ordubete inguruko obra da, behetik goranzko ibilbide bat; doinurik lurpekoenetatik hasi eta dantzagarrienetarainokoa, ilunpetatik argitarakoa. Atal batzuetan biak batera arituko dira, beste batzuetan banaka; batzuetan gitarraren edo perkusioaren laguntzaz eta beste batzuetan a cappella. Bide bertsua egingo dute tematikoki ere; heriotzatik, isolamendutik edota indarkeriatik hasi eta ahizpatasunerainokoa, sedukziorainokoa, ospakizun kolektiborainokoa.

Dokumentuaren akzioak