Dokumentuaren akzioak
Gorputzaren abiadura
Sasha Waltz
Gorputzak abiadura ezberdinak dituela frogatu du Sasha Waltz dantza zuzendariak. Azkar joan gaitezke, presaka, estu eta larri, itolarrian. Poliki abia gaitezke, pauso bakoitzaren arnasa entzunez, zangoen koordinazioaren dantza tontoan hegan eginez. Baina Sasha Waltz taldeak azkartasuna eta mugitu ezin daitezkeen arrastoak zirt-zart berean islatzen ditu, ikusmena itsutu arte, erritmo ero basatian. Talde lanean ikusgarria izan ziren eremu txikietan burutu zituzten koreografiak, une oro aldiberekotasun zoragarrian. Dantzarien arteko espazioa handituz zihoan heinean, kalitatea gorantz abiatzen zen, sekulako paralelismo ederrak biribilduz.
Sasha Waltzek bakarkako lanetan oinarrituz taldearen lehengaiak zorrotz aztertzen ditu, bakarlariaren kontzeptua alde batera gutxietsiz, talde korala nabarmentzeko irrikan. Debussyren musikan eroso hasi ziren, arkaiko diren fauna animalia pinturak gorputzaren itzalarekin jolastuz. Bigarren zatian guztiz aldarrikatuko zuten lanaren entrenamendu dibertigarria izan zen, emanaldiari hasiera emateko jaki gozo bat. Bakarlariak erakustekotan Romeo eta Julietaren kondaira aproposa izan zen Lorena Justribo Manion eta Ygal Tsurren kalitateaz gozatzeko. Altueran pareko, gerria solte eta begiradarekin bi gorputzen arteko indar eta oreka ariketak liluragarri eratu ziren. Kontzentrazioa punturik gorenean hogei minutu luzeetan eta pasioaren arrastoak lurzoruan margotu ziren kolore gorrietan.
Udaberriaren sagaratzea-rekin Sasha Waltz guztiz erotu zen, agertokia guztiz koroatuz, Kursaal auditoriumaren zoko guztietan udaberriaren esnatze prozesua adieraziz. Sorkuntza eta dantza hizkuntzan iraultzaile diren mugimendu lanak goraipatu zituen dantza taldeak, emakumezko eta gizonezkoen arteko sexu lehia indarrez markatuz. Dantzaren abiadura aldaketak guztiz gailendu ziren, eromena intentsitatean eta gozamena ikusleengan.
Dokumentuaren akzioak